Aloña Mendi Espeleologia Taldea.
Taldeko partaide batek, miraritzat jo ditu asteburu honetan aurkitu ditugun galeriak, baina miraritzat jo dezakegun lehenengo gauza asteburuan AMET taldeak egin dituen hiru irteera desberdinak izan dira. Taldean gero eta jende gutxiago gaude eta irteerak kostata egiten dira, baina, egia esan, hainbeste irteera asteburu batean, benetan, miraria izan da.
UBAO URZULOAN PUNTAKO ESPLORAZIOA
Lehenengo irteera Ubao urzuloan puntako esplorazioa izan da. Talde hau, AMET taldeko hiru kolaboratzailek osatu dute, batetik Loti eta Teio BURNIA taldekoak eta bestetik Antxonio GEMA taldekoa. Hirukote hau larunbatean, goizeko 9:00etan, sartu da, 10:00etan sifoia pasatu dute eta 13:00etan bibakera iritsi dira. Bibakean materiala prestatu eta 14:00tan kobaren muturrerantz atera dira, bertara 16:30ean iritsiz.
Hiru galeriatan mugitu dira; lehenengoa arrailura estuetatik, bigarrena 150 metro errekan gora egin dute eta azkena beste 150 metro errekan behera. Guztira 640 metroko esplorazioa eta topografia burutu dute. Bibakera gaueko 1:30tan bueltatuz.
Hurrengo egunean, goizeko 9:00etan, esnatu eta kanpora atera dira, 16:00ak aldera irteten dira.
KATABERA BEHEKO MEATZEA
Ubao urzuloaren bukaera, gutxi gorabehera, Katabera meatzearen azpian kokatzen da. Ubao urzulo sarreratik leize bukaerara edo puntara 7 ordu eta erdi kostatzen da. Hau ikusita, Katabera beheko meatzetik sartzeko ahalegina egin dugu. Meatze hau, sarreran buxatuta dago, harri batzuengatik. Ondorioz, 5 pertsonaz sortutako talde hau harriak kendu eta barrura sartzeko helburuarekin abiatu da.
Bertara goiz iritsi dira eta kareharrizko bi bloke handi kendu dituzte. Blokeak eta beste harri batzuk kendu eta manposteriako pareta bat agertu da. Paretaren alde batean, haizea nabaritu da eta lurra kendu ondoren adreiluzko sarrera bat agertu da.
Meatzean leiho txikitik sartu ondoren 10 metro luzera daukan adreiluzko galeria gangadun batekin topo egin dute. Zorua lokatzaz beteta dago. Metro batzuk jarraitu ondoren, meatzearen sabaia behera etorria dago eta ezin da bertatik pasa. Pena handiz, kalera irten eta meategiaren sarrera lurrez eta harriz itxi egin dute.
ARANTZAZU ERREKA 1
Hirugarren taldean (taldearen gonbidatua Amaia izan da) asteburu honetako miraria gertatu da, Arantzazun sortutako miraria. Joan den astean ere leize honetan izan ginen, orduan bukaeran zegoen galeria batetik 6 bat metro lur atera genituen. Egun horretan, galeria punturik baxuenean utzi genuen.
Gaur puntu berera itzuli gara eta 3 metro lur atera ditugu. Trabak kendu eta gero, galeriak estu eta aldapa gora jarraitu du. Maldaren eta beste tarte estu baten ondoren, ibai-harriz betetako galeria bat aurkitu dugu (zabalera 4 metro eta altueran 1-3 metro).
No hay comentarios:
Publicar un comentario