miércoles, 23 de septiembre de 2020

EZ DA JAIRIK EGONGO OÑATIN BAINA BAI KULTURA ESKAINTZA.

goiena

Ez da jairik egongo Oñatin baina bai kultura eskaintza

Langileak plaza ondoko karpa muntatzen martitzen arratsaldean

 ez dira San Migel eta Errosarixo jaiak egingo Oñatin baina zapatutik urriaren 11ra bitarteko asteburuetarako kultura eskaintza antolatu du Udalak; plaza ondoan muntatzen ari diren karpapean izango dira. Txosnarik ez da egongo eta tabernetan 00:00etan aterako dute azken tragoa.

Herriko jai nagusiak ez dira ospatuko aurten. Ez da urteroko jai egitarauak jaso ohi dituen ekintzarik egingo. Kultura eskaintza, baina, egongo da. Udarako hilabetetarako egin zuen moduan, modu horretan egingo den kultura eskaintza prestatu du Udalak datozen asteburuetarako; zapatuan hasi eta urriaren 11ra bitarterako. "Ez da jairik egongo. Kultura eskaintzera mugatuko gara", baieztatu du kultura zinegotziak.

Diziplina ezberdinetako ikuskizunak egongo dira: musika kontzertuak, antzezlanak, bertso musikatuak edo herri kirol saio bat, adibidez. Eta plaza ondoko jolastokian atzo muntatzen hasi ziren karpapean izango dira gehienak; herri kirolen saioa eta Tio Teronen semeak talderen ikuskizuna Olaitturrin edo kiroldegiko frontoian izango dira. "Baina ekitaldi gehienak toki berean izatea erabaki dugu, horretarako prestatutako toki batean, kontrolatua izateko eta neurriak betetzeko bermearekin".

Txosnarik ez da egongo

Karpa hori izango da muntatuko den azpiegitura bakarra. Txosnarik ez da egongo eta txosna gunean ez da ezer jarriko. "Txosna batzordeko kideak aurretik egindako bilera irekietan parte hartu dute beste eragile batzuekin batera. Hasieran jasotako baimen eskaera zehazteko beste bilera bat egin genuen eta handik etorri da euren eskaera bertan behera uzteko eskaria. Guk gune bakarra izendatu dugu kultura ekitaldiak egiteko eta horra mugatzen gara".

Barraka, kaleko saltzaile, janari azkarren furgoneta eta bestelakoak ere ez dira egongo; "ez dago jairik". Tabernek egoerak agintzen duen ordutegia izango dute: oraingo legearen arabera, azken tragoa 00:00etan aterako dute eta 01:00etan hustuta egon beharko dira. "Geuk antolatzen ditugun ekitaldiak kontrolatuko ditugu eta hortik aurrerakoetan beste batzuei ere badagokie. Egun normalak izango dira eta danoi dagokigu eguneroko bizitzaz disfrutatzea eta ordutegiak errespetatzea".

Amak taldeak joko du zapatuan

Herriko eragile ezberdinek antolatutako ekintzak ere egoten dira urtero herriko jai nagusietan, izan arku tiraketa txapelketa, plato tiraketa edo herri antzezlana, esaterako. Guzti horiek ere bertan behera gelditu dira Udalak eta horien antolatzaileek elkarrekin horrela adostuta. Bakarrik egongo da Udalak antolatutako kultura eskaintza. 

Eskaintza horretan dagoeneko antolatuta dauden ekitaldiak dira: Ongi etorri lagun umeendako antzezlana, Amak musika taldea, Iker Lauroba eta beste urtaroak taldea,  Voces riberas taldearen jota emanaldia eta Puro Relajo taldearen kontzertua. Herriko musika banda eta txistulariak ere izango dira. Agendan daude sartuta ekitaldiak. Ez da ohiko egitaraurik egingo eta banatuko aurten, baina QR kodea duten kartelak jarriko dituzte kalean eta hori deskargatuta kontsultatu ahal izango dira egitaraua bera eta egon ahal diren aldaketak.

Edukiera mugatua izango du karpak eta sarrerak aurrez hartu beharko dira. Astean asteko ekitaldietako sarrerak jarriko dituzte hartzeko udal webgunean eta Txokolateixan. Doan izango dira denak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario