Hainbatek zoriondu ditu Trianako jaien antolatzaileak
2020-07-12 17:52
COVID-19aren ondorioz guztia bertan behera geratu zeneko garaia oraindik ahaztu gabe, Oñatin Trianako jaiak egin egitea erabaki zuten bertako jai batzordekoek, Udalaren baimenarekin. Kritikarik ere ez da falta izan erabakiagatik; baina parrandarako aitzakia barik kulturaz gozatzeko proposamena zela argudiatuta, egin dira jaiak azkenean, eta osasun neurri denak hartuta, hainbatek zoriondu du Trianako jai batzordea.
"Gura genuen moduan atera da dena, jendea ere oso ondo portatu da"; horixe zen Trianako jai batzordekoen balorazio azkarra domeka eguerdian, egitarauarekin amaitzeko oraindik ekintza pare bat falta zirela. Hilabete luzeetan osasun egoera delikatuan murgilduta, hainbatek ez zuen ulertu jaiak egiteko asmoa. Udalaren baimenarekin, baina, jaiekin aurrera egitea erabaki zuten antolatzaileek, eta eurek erakutsitako ardura berarekin erantzun dute bertaratutakoek.
"Sare sozialetan jendeak egur handia eman digu. Guk dena gertu genuen, eta nahikoa garbi ikusten genuen ondo egin genezakeela. Plazatxo dena hesituta eduki dugu; sarrera eta irteera, leku zehatzetik; irteeran eta sarreran eskuak garbitu behar ziren; eta edukiera ere zaindu egin dugu", zioen antolakuntzako Julen Arkauzek.
Ez dira parrandarako festak izan, kulturaz gozatzeko jaiak baizik. Honela, trikiti doinuak eta erromeria eta Rukularen eta Aiert Alberdiren kontzertuak izan dira, besteak beste. Kontzertuotan ehundik gora lagun batu ziren, beti ere ezarritako 115 laguneko gehienezko edukieratik behera. Denak taldeka jesarrita, taldeak elkarrekiko bereizita. Eta txosnarako ere sarbidea ondo bideratua. Gustura ez egoteko aitzakiarik ez, ez herritarrek ez artistek. Hala zioen Aiert Alberdik: "Nik betikoa egin dut, baina egia da publikoa desberdin zegoela; baina oso giro polita sortu da, eta, neurri denak errespetatuz, oso-oso ondo joan da".
Trianako jai batzordekoek hainbaten zorionak eta esker ona jaso dituzte jaiak aurrera eramateko moduagatik. "Ikusita astea nola joan den eta ze komentario egon diren, jende askok zoriondu gaitu, auzokoek ere esan digute oso ondo, 01:00erako dena itxita eta isil-isilik, dena batuta eta… ondo".
No hay comentarios:
Publicar un comentario