2020-07-08 09:54
Martitzen arratsaldean hauteskunde ekitaldia egin zuen EAJk, Oñatiko plazako pilotaleku alboan. Joseba Egibar legebiltzarkideak aurkeztu zituen Aitor Urrutia legebiltzarkidea, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Xabier Otxoa Aretxabaletako zinegotzia.
Lehenik eta behin, Joseba Egibarrek hartu zuen hitza, eta bailarako ordezkarien lana goraipatu gura izan zuen: "Alderdi bezala, talde-lanean gara indartsu".
Jarraian hitz egin zuen Otxoak, eta konpromisoei buruz aritu zen berbetan. Azaldu zuen gazteei begira zenbait konprimiso hartuko dituztela alderditik, "txoke-plan batean oinarrituta". Hala, gazteen enplegua sustatu eta emantzipatzen laguntzeko lan egingo dutela azaldu zuen. Bestetik, seme-alabak dituzten familiei laguntza eskainiko dietela, baita kontziliazio-programak bultzatu ere.
Arrasateko alkate Ubarretxenak ere hartu zuen hitza, eta pandemia gehien kaltetu dituen pertsonei keinua egin gura izan zien hitz egiten hasi ahalaz bat. Jarraian, adierazi zuen krisiak Euskadi "berreraiki beharra" dakarrela: "Gure etxea berreraikiko dugu inor kanpoan utzi gabe", eta horrenbestez, "gobernu sendo baten beharra" duela Euskadik.
Azkenik, Urrutia "konfidantza" eta "esperantzaz" mintzatu zen, eta azaldu zuen "printzipioen eskutik" joatea oso garrantzitsua dela. Hala, burujabetza eta kohesioaren beharra azpimarratu zuen, "herriak batera aurrera egin dezan". Hori ez ezik, koronabirusa gainditu ahal izateko "pertsonengan inbertitu" behar dela zioen legebiltzarkideak. Debagoiena beste batzuekin batera arituta "abangoardia" izan daitekeela esanez amaitu zuen berbaldia.
EH Bilduk, oposizio "zikina"
Joseba Egibarrek EH Bilduri proposamen falta leporatu zion: "Konpromisoa hartzen dutela diote, baina proposamenik ez dute egin". Eta hori gutxi balitz, azken hilabeteetan oposizio "zikina" egin dutela aitortu zuen. Gaineratu zuenez, alderdi sozialistaren aldeko hautua egin du EH Bilduk, "euren beharra daukatelako espetxe politika birdefinitzeko, hori baita euren lehentasuna". Horren harira aitortu zuen jeltzaleen laguntza izango dutela, baina "beste lehentasun batzuk ere badaudela".
Horretaz gain, adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak ez duela beraien laguntzarik jaso: "Ideologia ezberdina izan arren, Lehendakariarekin egon beharko lirateke etorkizuna eraikitzeko, eta ez dute hala egin".
No hay comentarios:
Publicar un comentario