2020-07-03 21:33
Aloña Mendiko futbol sailak denboraldiko batzar orokorra egin du gaur, egubakoitza, eta Azkoagainen "egoera txarra" izan da saioko ardatz nagusietako bat. Konponbidea, halere, ez dute epe laburrean aurreikusten.
Klubak "beharrezkoa" ikusten du birmoldaketa osoa egin eta Azkoagain berri bat eraikitzea, gaur egun "oso egoera txarrean" dagoelako. Horretarako, Udalaren partetik "borondate ona" dagoela azaldu dute batzarrean, baina beste lehentasun batzuk dituela gaur egun. "Kiroldegiko gastuak handiak dira eta bizi dugun egoera ez da samurra. Hori ere ulertu behar da".
Azkoagain berria, zelaiaren inguruko irisgarritasun plan baten baitan egongo litzateke eta, besteak beste, bidegurutzea dagoen lekuan biribilgunea egitea izango litzateke asmoa. "Biribilgunea diseinatuta dago eta irisgarritasun plana ere, landuta". Hala ere, nabarmendu dutenez, kiroldegiko lanek eta Olaitturriko proiektuak dute lehentasuna Udalarentzat. Hori dela eta, epe laburrean, behintzat, ez dute egingarri ikusten aipaturiko egitasmoa.
Hori etorri bitartean, baina, hasi dira lan batzuk egiten. Argiteria aldatu dute, eta zelaiaren bueltan dauden sareak ere aldatu dituzte. Horrez gain, batzarkideek adierazi dutenez, aldagela zaharren eraikina eraisten hasiko dira uztail erdi inguruan, "oso egoera txarrean" dagoelako hau ere. Eraikin berria egingo dute hor, bi solairukoa hau ere. Behean, jokalariendako bi aldagela, epaileendako beste bat, bulego bat, garbitoki bat eta fisioterapiarako gune bat egingo dute. Goian, berriz, bulegoa.
Kirol eta ekonomia balantzea
Azkoagain hizpide hartu aurretik, ordea, beste gai batzuk ere jorratu dituzte. Hala, kirol balantzearekin hasi dute saioa, klubeko talde ezberdinek denboraldian izan dituzten gorabehera nagusiak nabarmenduz. Horrekin batera, harrobiko metodologiaren garrantzia ere aipatu dute. "Dagoeneko hasi gara fruituak jasotzen, eta datorren urtera begira ere jarraituko dugu metodologiarekin". Halaber, eskola kirolean txertatzea ere ezinbestekotzat hartu dute.
Ekonomiari dagokionez, balantzea positiboa izan da eta, datorren denboraldira begira, bazkide kuota %25 murriztea erabaki dute, "egoera zaila dela eta". Jokalarien kuota ere murriztu egingo dute. Hala, familia bakoitzak, 230 euro ordaindu beharrean, 180 euro ordainduko ditu datorren denboraldian.
Datorren denboraldiaren hasierari buruz
Badirudi 2020-2021 denboraldiaren hasiera atzeratu egingo dela. Izan ere, Federazioaren batzar nagusia, garai hauetan egin ohi dutena, irailean egingo dute. Batzar horretan erabakiko dituzte denboraldiari buruzko xehetasunak eta, dirudienez, urri erdira arte ez dituzte txapelketak hasiko senior mailan. "Maila txikiagoetan, are beranduago".
Euskaraldiarekin bat
Saioaren bukaeran, adierazi dute Aloña Mendiko futbol sailak Euskaraldiarekin bat egingo duela eta ariguneetako bat izango dela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario