Handituko den Errekaldeko jangela (Arg:Errekalde HE) |
Errekalde herri eskolako jangela eta sukaldea berritu eta handituko ditu eta Larraña ikastetxeko teilatua eraberrituko du
Esleipen prozesu betean daude Hezkuntza sailak Oñatin egin asmo dituen lanak; aurkeztu diren enpresen dokumentazioa biltzen zuten plikak ireki dira eta eskaintza ekonomikoenak bihar eta etzi zabalduko dira.
Errekalde herri eskolako jangela eta sukaldea ez dira ukitua 1979an eraikina jaso zenenetik. Margotze lan arinak besterik ez dira egin. 41 urte hauetan beharrak asko aldatu dira eta bazkari-txandak egin behar dira, eskaerari egoki erantzun ahal izateko. Sukaldeko lan lekua txiki geratu da eta instalazioak zaharkituta, duen lan kargari erantzuteko zailtasun asko dituelarik. Guzti hori kontutan hartuta, Errekalde herri eskolako jangela eta sukaldea berritu eta handitzea erabaki du Hezkuntza sailak. Espazioa, egun hutsik dagoen kontsejearen etxea zenera zabalduz handituko da. Lanek, 630.734 euroko aurrekontua dute eta 165 egunetan egitea aurreikusten da. Egokiena, opor garaian egitea litzateke baina esleipen prozesua amaitu ez dela kontuan hartuta, zaila ikusten da udako opor hauetan egin ahal izatea.
Larraña ikastetxeko teilatua ere konponduko du Hezkuntza Sailak. Kasu honetan eraikineko estalkia guztiz eraberritzea aurreikusten da, ez bakarrik gelak eta tailerrak dauden gunea, baita frontoia eta klaustro ingurua ere. Zabala da oso aldatu beharreko estalkia eta hori lanen aurrekontuan islatzen da, 871.898 euro izango baitira, esleitze prozesuan merkatu litekeen arren. Lanak egiteko sei hilabeteko epea mugatu du Hezkuntza sailak.
Herriko bi ikastetxe publikoetan egingo diren lan hauetarako esleipen prozesuak abian dira. Bihar eta etzi irekiko dira eskaintza ekonomikoen plikak, esan bezala. Eta bi kasuetan, preziorik onena eskaintzen duen enpresa lehenetsiko da, baldintzetan zehaztu denez. Errekalde herri eskolako sukaldea eta jangela berritu eta handitzeko lanetara 9 enpresa aurkeztu dira, Larrañako teilatua eraberritzeko bat gehiago, 10.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario