70 urtetik gorakoei postaz bidali zaie, gainontzekoei plazan eskuratzeko aukera emango zaie datozen bi asteetan
Covid-19 birusarekin elkarbizitzen gauden honetan, herritarrak erakusten ari diren ahalegina, konpromisoa eta ardura goraipatu nahi ditu udalak. Ildo horretan, denbora batez maskarila erabiltzen jarraitu beharko dugula kontuan hartuz, herritar guztiei musukoak edo maskarilak banatzea erabaki du Udalak.
70 urtetik gorako herritarrek etxean jasoko dituzte musukoak. Astean zehar postaz bidali zaizkie, beraz, gaur ez bada datorren astean iritsiko zaizkie. Denera, 1500etik gora gutun-azal bideratu dira eta 2000tik gora musuko bidali dira. Gainerako herritarrek datozen bi asteetan izango dute berea eskuratzeko aukera. Zehazki, hilaren 18, 19, 22, 23 eta 24an jarriko dira banaketa mahaiak plazan, 10:00tatik 12:30tara eta 17:00tatik 19:30tara. Musuko hauen banaketa Saretuz-eko boluntarioen bitartez egingo da. Herritar bakoitzak musuko bat jaso ahal izango du eta hori hala dela ziurtatzeko udal errolda erabiliko dute boluntarioek.
Herritarrei banatuko zaizkien musuko edo maskarilak oihal bereziz egin dira. EN13795 arauaren baitan testatutako ehuna da, mikroorganismoen aurkako hesi gisa eraginkortasun oso altua duena. 300 garbiketa jasaten ditu eta, beraz, behin eta berriz erabil daiteke.
Etxeetara bidali diren musukoak eta datozen asteotan banatuko diren gehienak eginda eskuratu ditu udalak. Horrela, banaketa arintzea lortu nahi zen. Baina material bereziko musukoak erosi ez ezik, oihala bera ere eskuratu du udalak eta material hori herrian maskarilak josten diharduen taldearen esku utzi da. Hala, herriko jostun sareak egindakoak ere banatuko dira.
Udalak, bai jostunei baita banaketa lanetan lagunduko duten Saretuz-eko boluntarioei eskerrak eman nahi dizkie erakutsi duten prestutasun eta ahaleginagatik.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario