sábado, 23 de mayo de 2020

Andaluziako jendea oso langilea eta gertukoa da.

berria

Koronabirusaren egoerak Zurutuzari aukera eman dio lan ibilbide profesionala Granadan hasteko. Duela bi urte joan zen, eta zoriontsu da han.





2020ko maiatzak 22

Ikasketek eraman zuten Nerea Zurutuza (Oñati, Gipuzkoa, 1996) gizarte langilea Granadara (Espainia). Bakearen Kultura, Gatazkak, Giza Eskubideak eta Hezkuntza masterra egitera joan zen hasieran. Baina hiria «asko» gustatu zitzaion, eta, pertsonen gertutasunaz eta hiriak transmititzen duen lasaitasunaz «maiteminduta», han gelditzea erabaki zuen. Beste master bat egiten ari da orain: Garapenerako Lankidetza. Eguneroko bizimodua han oso desberdina dela azpimarratu du. Are gehiago, koronabirusaren egoerak bere egunerokoa eraldatu du, ikasketak albo batera utzi eta lanean hasi baita. «Pertsona zaurgarrienak» laguntzen ari da azken asteotan.
Zertan ezberdintzen dira Oñatiko egunerokoa eta Granadan egiten duzuna?
Hemen eguneroko bizimodua asko aldatzen da egunetik egunera. Euskal Herrian gutxi gorabehera badakit bihar edo etzi zer egingo dudan. Monotonoagoa da egunerokoa. Hau da, errutina bat markatua izaten nuen beti. Baina Granadaren moduko hiri batean askotan ez dakit bihar zer egingo dudan; aitzitik, nahiz eta goizetan errutina bat izan, gero inoiz ez duzu jakiten arratsaldean edo gauean zer plan izango duzun.
Eta zein duzu nahiago?
Hemengoa. Gehiago gustatzen zait. Zer egingo duzun ez jakiteak beti du sorpresarako tartea, eta sentsazio atsegina da hori.
Kulturalki bizimodua oso desberdina da?
Ez. Euskal Herrian bezala, hemen ere beti kalean egoten dira. Tenperaturaren eraginez, agian, parkeetan gehiago egoten dira tabernetan baino. Baina, azken finean, kaleko kultura bera dugu.
Nolakoak dira andaluziarrak?
Oso langileak eta gertukoak dira. Ezagutzen zaituztenetik konfiantza eta gertutasuna erakusten dizute momentu oro. Euskal Herrian hotzagoak gara horretan.
Koronabirusak sorturiko egoerak zertan aldatu du zure egunerokoa?
Pandemiaren aurretik, ikasten nenbilen, baina COVID-19aren ondorioz gizarte langile gisa naiz lanean. Granadako Udalak baliabide bat ireki du etxerik ez duten pertsonentzat, eta bertan aritzen naiz.
Zertan aritzen zara?
Baliabidea topera dago. Etxerik ez duten pertsonei otorduak banatzen dizkiegu, eta haiekin tailerrak egiten ditugu: kirolak, terapia, antzerkia... Bakarkako elkarrizketak ere izaten ditugu haiekin. Halaber, beharra sentitzen dute, eta hitz egitea eskatzen digute. Hala, konfiantza harreman bat ere sortzen dugu haiekin.
Pandemia garai honetan nola daude pertsona zaurgarriak?
Etxerik ez duen pertsona batek, adibidez, ezin du etxealdia bete. Eta bestelako egoerak ere badaude: adin nagusiko pertsonen bakardadea, beren bortxatzaileekin bizi behar duten emakumeak...
Alderik nabaritu duzu Euskal Herrian ikusitakoarekin?
Nire lan ibilbidea hemen hasi dut. Baina iruditzen zait Andaluzian Euskal Herrian baino etxegabe gehiago dagoela. Eta, profesionalen aldetik, normaltasuna da nagusi. Pertsonak dira, eta berdin dio zein diren bakoitzak atzetik dakarren historia eta egoera. Denetariko kasuak daude: alokairua ezin ordainduta kalean geratu direnak edo lan kontraturik gabe egonik nora joan ez daukatenak.
Zein izan da herritarren jarrera konfinamenduarekiko?
Egoera honi buelta emateko, Granadan, adibidez, auzo sareak sortu dira. Auzo bakoitzak bere sarea du, eta horrekin komunikazioa asko errazten da laguntza behar duten pertsonekin. Elkarlanean jardun dute.
Nola bizitzen da pandemia bat etxetik ehunka kilometrora?
Hasieran zaila izan zen. Notizien bonbardaketa erraldoiaren ondorioz, nahita zein nahigabe, etxekoengan pentsatzen duzu. Noizbehinka nahiago nuen etxean egon. Baina hemen oso gustura nago; auzokideen artean integratua sentitzen naiz. Konfinamendu egoerak emandako aukera bat izan da auzokideak ezagutzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario