Langileei ere mostrak hartu dizkiete, emaitzak, datozen egunetan jasoko dira
Pasa den astean hasi ziren San Martingo egoiliarrei koronabirusaren probak egiten. Txandaka egiten ari dira Osakidetzako ordezkariak, hamarnakako taldetan, eta atzora arte 40 egoiliarri egin zaie proba eta guztiek negatibo eman dute. San Martin egoitzan 79 egoiliar daude egun, beraz, proba, erdiei baino gehiagori egin diete. Aste honetan bertan falta diren 39ri egitea aurreikusten da.
Egoiliarrei ez ezik, San Martingo langileei ere testak egin zaizkie. Kasu honetan mostrak langile guztiei hartu zaizkie, egoiliarrekin zuzenean lan egiten dutenei, garbitasunekoei nahiz sukaldean ari direnei ere. Emaitzak oraindik ez dira iritsi, datozen egunetan jasotzea espero da.
Bestalde, San Martin egoitzak astelehenean pasa zuen Osasun ikuskaritza. Foru Aldundia, Kabia erakundea eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko ordezkariez osatutako aditu taldea etorri zen instalazioak ikusi eta osasuna bermatzeko indarrean jarri dituzten neurri bereziak, funtzionamendua, barneko nahiz kanpoko harremanetarako protokoloa eta beste hainbat kontu bertatik bertara ezagutu eta baloratzera. Ikuskaritza positiboa izan da.
San Martin egoitzako egoiliar, langile eta familien arteko harremanak moldatu egin behar izan dira azken asteotan, Covid-19ak kutsatzeko aukera murrizte aldera. Kanpoko bisitak mugatu ziren hasieran eta bertan behera utzi gerora. Baina bertako egoiliarren eta familien arteko harremana mantentze aldera beste bide batzuk indartu dira. Telefono deiak egiteko ordutegia finkatu da eta goiz edo arratsaldez deitu daiteke, eta bideo deiak ere astero egiten dira. Gainera, gizarte langileak egoiliar bakoitzaren egoeraren berri zehatza ematen die senitartekoei, astean behin.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario