miércoles, 15 de abril de 2020

Oñatiko Udalak eutsi dio asteroko azokari: udal gehiagok helduko ote diote lekuko elikadurari?.....


  • "Zapatu Santu egunez, apirilak 11, azoka izango zela iragarri zen pasa den astean eta hala egingo da bihar, Zubikoako kantxa urdinean. Pasa den asteko 14 saltzaileak etorriko dira". Hori dio Oñatiko udalak bere web instituzionalean apirilaren 10ean argitaratu duen oharrak. Oñati, Azpeitia eta beste herri ugaritako baserritar eta lekuko produktuen azokek azken astoetan beren funtzionatzeko baldintzak egokituak zituzten arren koronabirus izurriteari aurre egiteko neurrietara, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 8an debekatu ditu azoka hauek, bazter guztietatik protestak piztuz. Oñatiko udalak debeku horren jakitun hartu du erabakia, ziurrenik azoken eskumena berea delakoan.

2020ko apirilaren 10a
Oñatikoa bezala, Ordiziako azoka eta beste hainbat azoka lekuz aldatu eta baldintza zorrotzetan funtzionatzen ari ziren Jaurlaritzaren agindua baino askoz lehenagotik. (Argazkia: Goierriko Hitza)

Tolosa, Azpeitia, Ordizia... Euskal Herriko beste udalerri askotan bezala, horietan ere asteroko azoken ohiko martxa arras aldatua zuten azken asteotan, Covid-19aren kontrako neurriak zorrotz betetzeko eta alarma egoera dekretatuz geroztik Madrilgo gobernuak ezarritako baldintza guztiak bermatzeko. Horrela ari ziren egiten, saltzaileen bezala erosleen sakrifizio askorekin. Saltzaileek sarritan beren produktuak postu gutxiagotan biltzea onartu zuten, saltokiak urrutiratzea, babes neurriak gogortzea. Berdin erosleek, postuz postu ibiltzeko eta saltzaileekin tertulia egiteko ohitura gozoa baztertu eta ilaratan zain egotea onartu zuten, bata besteagandik urrutiratuta, eta abar. Azokak neurriotara egokitzeko beren kokapen fisikoa ere aldatua zuten batzuetan.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 8an argitaratutako dekretuz ebatzi zuen baserritarren azoka oro bertan behera uztea alarma egoera bukatu arte. Geroztik eten gabeak izan dira bai herritarrek bakarka edo taldeka, baserritarrek, erosleek, elkarteek eta abar plazaratu dituzten kexu eta protestak, haserre lehendik hain zanpatuta dauden nekazariei eta lekuko ekoizleei Iñiko Urkulluren gobernuak eman dien jipoi berria, aldi berean bidea libre utzi zaienean elikagaien esklusiba aspalditik eskuratua zuten banaketa eta salmenta erraldoiei.


41 people are talking about this
Oñatiko udalak protestatik ekintzarako urratsa eman du, ordea, larunbaterako azoka agindu bezala bihar larunbata, apirilak 11, egin ahal izango dela adierazita. Oñatiko azoka Kiroldegiko pista urdinean egingo dute larunbatean, goizeko 8:00etan ireki eta 13:30ean xteko. "14:00etarako herritar guztiek kanpoan egon beharko dute", dio udalaren oharrak. Honela argudiatuz bere erabakia: "Herriko lehen sektoreari lagundu eta tokian tokiko eta garaian garaiko produktuen sustapen politikarekin aurrera jarraitzen du Udalak larunbatetako azoka hitzorduari eutsiz. Bizi dugun alarma egoerak eskatzen dituen higiene eta segurtasun neurrietara egokituta, Zubikoako kiroldegira aldatu zen eta saltzaile kopurua eta aldi berean erosten ari diren bezeroen kopurua mugatu zuen".
EHBilduko alkatea dauka Oñatik eta ziurrenik ontzat emana izango du beste alkate batek, EAko Iratxe Arriolak, hari bereko protestan aurreratua zuen argudioa: azoken eskumena ez dela Eusko Jaurlaritzarena udal bakoitzarena baizik. Eta beraz, joan den astean Oñatiko azoka egin baldin bazen, lekuz aldatuta eta segurtasun neurri guztiak egokitu eta berrituta, hori Madrilgo larrialdi kabineteak ontzat emanda egin ahal izan zutelako izan zela.
Beste herrietan ere zabalik mantendu diren azokak Madrilek ezarritako muga estuen barruan. Ikusi beharko da zer gertatzen den, adibidez, egun berean Tolosako azokarekin, lekuko elikaduraren ikurtzat Espainian eta munduan gure agintariek hainbeste famatu izan duten Zerkausiko azoka egiteko borondaterik baden ala... Eusko Jaurlaritzaren ebazpen absurdo bezain mingarriari men egiten dioten, denon kalterako.
Eta ikusi beharko da, EAEn gardentasunak eta elkarrizketa politikoak zein ongi funtzionatzen duten ezagututa, azkenean oñatiarek bihar asteroko azokan saldu eta erosteko aukerarik ba ote duten.
[21:31etan eguneratua] Azpeitiako udalak norabide berean berretsi du bere herriko azokari eusten diola: "Eusko Jaurlaritzak merkatuak eteteko emandako agindua aztertu ondoren, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du udalei dagokiela baserritarren salmenta postuen kudeaketaren ardura. Horregatik, orain artean bezala, neurri 'zorrotzenak' hartuta, astearteetako eta ostiraletako lehen sektorearen salmenta postuak mantentzeko konpromisoa hartu dute baserritarrek eta udalak."

No hay comentarios:

Publicar un comentario