Txistularia jaio zela 100 urte beteko dira ostegunean, apirilaren 30ean
CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak oroimen-omenaldi seiluak egiteko ohitura du, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean. Eta halaxe egin du, beste behin, Hijinio Iriarte Mujika gogoan hartuta seilu eta postala argitaratuz. Txistularia jaio zeneko mendeurrena beteko da ostegunean, apirilaren 30ean. Aipagarria da, Demetrio anaiaren omenez ere, seilu eta postalak atera zituela filatelia eta numismatika elkarteak orain bost urte dela, 2015ean.
Hijinio eta Demetrio Iriartek etxetik jaso zuten musikarako eta bereziki txisturako zalatasuna, aitona, aita eta osaba txistulariak izan baitzituzten. Hijiniok Elai Alai eta Olaeta dantzari taldeetan parte hartu zuen eta Paris, Toulouse, Calais eta beste hainbat hiritako antzokietan aritzeko aukera izan zuen. Oñatiko udal txistulari taldeko plaza lortuta bertan aritu zen urte luzez. 1981ean Oviedon hil zen, 60 urte zituela.
CECA taldeak osatu dituen seilu eta postaletan Hijinio Iriarte txistua jotzen ikusten da; seiluan bera da irudiko protagonista bakarra eta 1960. urte inguruan parrokiako ate ondoan ateratako argazkia oinarri hartuta egin den postalean berriz, beste hainbat herritar ere ikusten dira, tartean, Agustin Zarketa. Justu datorren urtean beteko dira 100 urte Zarketa jaio zela eta hari eskainitako seilu-postala prestatzen dihardu CECA Oñati taldeak 2021erako.
Herriko filatelia eta numismatika taldeak seilu eta postal argitalpen mugatuak egiteko ohitura dauka, esan bezala. Hijinio Iriarteri eskainita 80 bat ale atera ditu eta horiek, Turismo bulegoan eskuragarri egongo dira egoera normaltzen denean.
2007an Aita Madinari eskainitako seilu eta postalak atera zituen CECA taldeak, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eskainitakoak. 2015ean, Demetrio Iriarte, Hijinioren anairari, eta Jose Mari Arizmendiarrietari eskainitakoak 2016ean, Francisco Esnal parrokiako organujolea izan zenari eta iaz Arantzazuko artistei eskainitakoak: Oteiza, Alvarez de Eulate eta Saenz de Oizari eskainitakoak, hain zuzen.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario