Koronabirusaz kutsatzeko arriskuari aurre egiteko, neurri eta gomendio berriak eman ditu udalak
2020/03/13
Hainbat udal eraikin eta zerbitzu ixteko erabakia hartu ondoren, jende pilaketak saihesteko neurriak hartu dira
Jende pilaketak saihesteko ahaleginean bertan behera utzi dira zapatuko azoka eta azoka txikia. Plazako komun publikoa ere itxi da eta astelehenean beste zenbait itxiko direla aurreratu du udalak, 18:00tan zabaldu duen azken oharrean.
Bide batez, jakinarazi da birusaren transmisiorako bide izan daitezkeela jolasparkeak eta gisakoak eta ondorioz, horien erabilera saihestea gomendatzen zaie herritarrei.
Bide batez, jakinarazi da birusaren transmisiorako bide izan daitezkeela jolasparkeak eta gisakoak eta ondorioz, horien erabilera saihestea gomendatzen zaie herritarrei.
Azken gomendioak 18:00tan zabaldu dira, atzo eta gaur goizean hainbat udal eraikin eta zerbitzu ixten zirela eta bertan antolatutako ekintzak bertan behera uzten zirela jakinarazi ondoren. Gaur jada hainbat udal eraikin eta zerbitzu ez dira ireki: Gaztelekua, Txaloka ludoteka, Zubikoa kiroldegia, Eltziako kirol gunea, Azkoagain, Larrañako kirol gunea, Kultur etxea, Santa Ana antzokia, Euskaldun Berria gela eta Euskaltegia. Kasu honetan, telematikoki eskainiko dira klaseak. Horrenbestez, bertan behera geratu edo atzeratu egin dira aipaturiko egoitzetan datozen egunetan egitekoak ziren ikastaro, emanaldi eta bestelako ekintzak. Bihartik aurrera berriz, beste hainbat egoitza itxiko dira: Natur eskola, Turismo bulegoa, Arrikrutz eta Eltziako eta Zubikoako tabernak.
Eltziako lokalak ixtea erabaki du goizean erabiltzaileen batzarrak eta Pake lekuko zuzendaritzak ere jubilatuen elkarteko taberna ixtea erabaki du eguerdian. Arratsaldean zehar herriko beste hainbat tabernetako arduradunek erabaki berbera hartuaz joan dira, bezero eta zerbitzarien osasuna babeste aldera. Arrano, Aloña Mendi, Ongi, Pako, Itturri, Ikatz eta Ona tabernek ixteko erabakia hartu dute eta Bizipozek okindegi zerbitzua soilik eskainiko du, kafetegia itxita. Herriko elkarteetan ere gaia eztabaidatzen ari dira.
Udal zerbitzuetara itzuliz, oraingoz zabalik mantenduko dira, Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuak. Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik egindako gomendioak errespetatzeko deia egin du udalak, hala nola, jendetza batu dezaketen ekitaldiak edota espazioak saihestea; berehala egitekoak ez diren tramiteak atzeratzea, edota, ahal den neurrian, tramiteak egiteko bide telematikoak erabiltzea. Udalak jarraipen batzordea eratu du, egoeraren unean uneko jarraipena egiteko eta hartu beharreko neurriak adosteko. Udal mailan lehentasunezkoak ez diren bilerak atzeratzea edo on-line edo telefonoz egiteko gomendioa eman zaie langile eta zinegotziei.
Beratu jaialdiko antolatzaileek oharra zabaldu berri dute martxoaren 25etik 29ra egitekoa zen jaialdia bertan behera utzi dutela jakinaraziz. Hermansoloña taldeak ere oharra bidali du, kale Zaharrean duen lokala astelehenetik aurrera itxita egongo dela iragarriz. Kanpoaldean duten edukiontzi zuria zabalik mantenduko dute eta Caritas eta Larraña-CEAReko ordezkariekin harremanetan jarraituko dute, premiazko beharrei erantzun ahal izateko. Martxoaren 25ean egitekoa zuten batzar nagusia ere bertan behera utzi du Hermansoloñak.
Hotz Oñati taldeak ere, bertan behera utzi ditu datozen egunetarako antolatuta zituen zine-forum saioa, hileko zozketa, solasaldia eta apirilaren 2-3-4an egitekoa zen elikagai bilketa handia. Egungo egoera pitin bat normaltzen denean ekintza guzti horietarako data berriak finkatu eta jakinaraziko dituela adierazi dute Hotz Oñati taldeko ordezkariek.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario