lunes, 23 de marzo de 2020

12 isun jarri ditu udaltzaingoak asteburuan konfinamendua apurtzeagatik.

2020/03/23.
Errepide kontrola Lazarraga kalean



100 eta 600 euro arteko isunak izan daitezke, larritasunaren arabera
  Orokorrean, herritarrak ondo erantzuten ari dira bizi dugun alarma egoeran agindutako konfinamenduari baina badira, etxean geratu beharra onartu ez eta kalera arrazoi gabe irteten direnak. Udaltzaingoak kaleko zaintza areagotu egin du zubi-asteburuan eta 12 isun jarri ditu ostiral, zapatu eta domeka bitartean. Etxean egoteko agindua behin eta berriz urratu eta zenbait kasutan, udaltzaingoari frente egin izana zigortu da.
  Errekalde eskolako patioan jolasean zeuden adingabeak, txakurrarekin hainbat orduz jarraian eta herriko gune ezberdinetan paseatzen ikusi den herritarra, garagardoa kaleko banku batean lasai hartzen zegoena edota lagunen etxera egun pasa joateko tematu zena dira, isuna jaso dutenetako batzuk. Gertakari guztiak jasotzen dituzten txostenak Segurtasun sailera bidaliko ditu udaltzaingoak, huraxe baita lege urraketaren larritasunaren arabera ordaindu beharrekoa aginduko duena. 100 eta 600 euro artekoak izan daitezkeela aurreratu digu udaltzain-buruak. 12 isun, udaltzaingoak ostiraletik atzora arte jarri zituenak. Horiei, ertzainak jartzen ari direnak batu behar zaizkie.
  Ertzainak eta udaltzainak eskutik lanean aritu dira azken egunotan, janari dendak, botikak eta antzekoak zaintzen, eta bereziki, herritarrok etxetik derrigorrezkoa den kasuetan soilik irteten garela zaintzen. Errepide kontrolak ere jarri dituzte, Bidaurreta inguruan, esaterako, kotxeetan pertsona bakarra doala eta arrazoi egoki batez kaleratu dela ziurtatzeko. Datozen ordu eta egunetan ere, halako kontrolak egiten jarraituko dutela adierazi dute.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario