sábado, 30 de noviembre de 2019

Ainhoa Billar: “Txakur terapiak oso baliagarriak dira ume eta nerabeen autoestimua handitzeko”.

guraso.eus

2019/11/29.

Ainhoa Billar gizarte integratzailea da, inteligentzia emozionalean aditua, eta Kidecanek antolatutako txakur terapien gidaria da. Lau txakurren laguntzarekin, ume eta nerabeen autoestimuan, beldurraren kudeaketan… lan egiten dute.
Ainhoa Billar, Kidecan txakur terapien gidaria
Zer da Kidecan eta zer egiten duzue bertan?
Kidecan, hitzak berak esaten duen moduan, kide, laguna eta Can, txakurretik dator eta bien arteko elkarlanean datza.
Kidecaneko lana, bi arlotan bana dezakegu: terapia; ekintzetan eta heziketa emozionalean oinarrituta, eta txakurren heziketa; trebakuntzan oinarritutakoa.
Arlo honetan, aipagarria da era positiboan lan egiten dugula eta lan pertsonalizatua izaten dela.
Txakurrekin gidatutako terapia eta ekintzak aurrera eramaten dituen proiektu bat gara, ume zein nerabeetara zuzendua. Lau txakur ditugu eta bakoitza lortu nahi den helburu baterako hezita dago. Pertsona bakoitzak behar duen laguntzaren arabera, txakur bat edo bestea egokituko zaio. Lehen harremana izan ondoren, beldurra kentzeko ekintzak egiten dira. 
Umeek txakurrekin jolasten dute, eta guk diseinatutako ekintzak elkarrekin egiten dituzte. Emozioen kudeaketan asko laguntzen dute ekintza hauek; izan ere, txakurrekiko beldurra alde batera ustean, beste beldur mota batzuk gainditzeko gai sentitzen dira. Eta guzti honetan txakurra beraien lagun bezala ikusten dute.
Bestalde, autoestimua lantzen dugu nerabeekin, kasu honetan ez dira jokoak izaten, trebakuntza ekintzak baizik. 
Zeintzuk dira terapia honen abantailak?
Kidecanek partikularrentzako zein foru aldundiarentzat egiten du lan eta kasu bakoitzak jarraipen zehatz bat izaten du. Momentuz emaitzak oso onak izan dira; terapietan parte hartu duten umeek hobekuntza handia izan dute harreman zein autonomia alorretan. Ume eta nerabeek harreman berezia dute txakurrekin eta bata besteagandik gauza asko ikasten dituzte. 
Terapia zehatzagoak ere badituzue?
Bai, autismoarekin eta TDAHarekin ere lana egiten dugu. Ume eta nerabe hauentzako terapia zehatzak egiten ditugu eta emaitzak ikaragarri onak izaten ari dira. Txakur eta umeen arteko harremana oso estua bilakatzen da eta emozioen kudeaketan asko laguntzen du.
Zeintzuk dira hurrengo pausuak?
Datorren urtean tailerrak egingo ditugu helburu finkoekin; urtarrila eta otsailean beldurraren kudeaketari zuzendutako tailerra, eta martxoa eta apirilean baloreei zuzendutakoa. Oso interesgarriak dira tailer hauen bitartez lortzen ari diren emaitzak, eta horrela jarraitu nahi dugu baina helburu finkoagoekin. Beraz, ume eta nerabeak gurera etortzera animatzen ditugu, aukera paregabea baita. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario