domingo, 20 de octubre de 2019

"Kirola guztien esku jartzea da helburua"

goiena



Antxintxikako ordezkari Aitor Rementeria eta Patxi Torres.




Azaroaren 2an egingo dute azken 15 urteotan Soraluze eta Bergara herriak lotu dituen lasterketa, Antxintxika krosa. Eta, aurtengo nobedadeetako bat da Zure irrifarra, nire indarra ekimenaren barruan urritasun funtzionala duten haurrek ere lasterketan parte hartuko dutela, azkenaldian beste herri lasterketa batzuetan egin duten moduan. Horretarako, aulki berezi batzuk erabiliko dituzte, Orkli enpresan sortutako ekimen bati esker erosi dituztenak, baina aulkiei bultza egingo dieten boluntarioak behar dituzte.
Aitor, ekimen solidarioetan burubelarri dago aurten Antxintxika.
Aitor Rementeria: Halaxe da; taldearen filosofiari jarraipena emanez kirola herritar guztiei gerturatzeko lanean jarraitzen dugu Antxintxikan. Eta proiektu konkretu hau da garun paralisia edo mugikortasun arazoak dituzten umeei halako lasterketetan parte-hartzea ahalbidetzeko. Hala, Orkli enpresatik egin zuten donazioari esker aulki berezi hauek Gipuzkoako Kirol Egokituko elkartera iritsi ziren –hamalau dira, guztira– eta dagoeneko hasi dira gurea moduko herri lasterketetan erabiltzen.
Eta Antxintxika krosean ere irteera puntuan egongo dira.
Patxi Torres: Hori da asmoa, baina boluntarioak behar ditugu. Urtero moduan, lasterketa hasiko dute gurpil aulkian eta handbike-an dabiltzan kirolariek; ondoren, patinatzaileen txanda izango da; eta gainontzeko korrikalariek lasterketa hasten dutenean, azken taldetxoan, gazte hauek joango dira boluntarioek lagunduta. 
Duela hilabete inguru egindako lasterketan estreinatu ziren gazte hauek.
A.R.: Lazkaoko herri lasterketan izan zen, eta bertan atletismoan urteak dabiltzan hainbat lagun boluntario lanetan ibili ziren. Eurek esaten zutenagatik, Lazkaon bizi izandako esperientzia ez dute berehalakoan ahaztuko, eurak ere hunkituta geratu zirelako. Izan ere, aulkitik bultza egiten dabilen boluntarioa konturatzen da haurrak ze erreakzio izaten dituen, zelan dabilen gozatzen, eta eman baino jaso egiten da gehiago. Horregatik da, hain zuzen, proiektuaren izena Zure irrifarra, nire indarra.
Debagoienean badaude behar bereziak dituzten eta lasterketetan parte hartu gura duten gaztetxoak?
A.R.: Bai; hain zuzen, Lazkaoko lasterketan bailarako hiru gaztetxo izan ziren euren gurasoekin, eta asmoa da Antxintxika krosean hamalau aulki erabiltzea, eta horietako lau Debagoieneko neska-mutikoak eramateko izango dira. Gainontzekoak Gipuzkoa osotik datozen beste hamar gazterendako izango dira.
Boluntarioek zelan eman behar dute izena?
P.T.: Lasterketan parte hartzeko jarraitu beharreko pausoak berdin-berdin eman behar dira, Kirolprobak-en izena eman behar da. Ondoren, bi telefono zenbaki hauetako batera deituta: 652 76 86 66 (Aintzane Arana) eta 688 63 51 53 (Aitor Rementeria).
Hau ez da, baina, esku artean duzuen proiektu solidario bakarra. Kirol egokituko taldea sortu duzue Antxintxika barruan, eta Joseba Azkarateri handbike-a erosten laguntzeko zozketa jarri duzue abian. Zer moduz doa zozketa hori?
A.R.: Oso ondo. Herri Egunean Oñatin jaso genuen babesa sekulakoa izan zen, zozketa mordoa saldu genituen, eta bailarako enpresa, komertzio eta talde asko dabiltza esku hartzen. Oraindik posible da ekimenarekin kolaboratzea. Helburua ez da Josebari bakarrik laguntzea, kirola egiteko zailtasunak dituzten horiek taldera erakarri gura ditugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario