viernes, 20 de septiembre de 2019

Maite Anton, Mankomunitateko presidente berria izango da.

goiena




Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek batzar nagusia egin zuten irailaren 17an, martitzenean, eta bertan, presidentea eta presidenteordea hautatu zituzten bozketa bidez. Bestalde, Suradesa erakundeko ordezkariak ere berritu zituzten.
Maite Anton Oñatiko Udaleko Kirol zinegotzia izango da Debagoieneko Mankomunitateko presidente berria. Izan ere, Antonek Unai Elkoro ordezkatuko du; hura lau urtez izan da postu horretan.
Mankomunitateak hamasei ordezkari ditu, eta herrien biztanle kopuruaren arabera aukeratzen dituzte. Hala, Arrasatek lau ordezkari ditu, Bergarak eta Oñatik hiruna, Aretxabaletak bi eta Eskoriatzak, Antzuolak, Elgetak eta Gatzagak bana. Agintaldi honetan EH Bilduk gehiengoa izanik, presidentea ere alderdi horretakoa izango da, batzordekideek erabaki baitute.
Presidente berriak jakinarazi du albistea "arduraz baina aldi berean pozik" hartu duela: "Erronka handia da, baina gogotsu eta pozik hartuko dudan erronka. Eskualde mailan daukagun taldearekin batera lan egiteak berme eta indar handia ematen dit. Izan ere, talde aditua da oso. Freskotasunez eta ideia berriekin gatoz. Benetan pozik nago osatu dugun taldeaz. Mankomunitateko batzorde osoarekin elkarlanean, Debagoienarentzako ahalik eta ondoen lan egitea da gure asmoa".
Antonek gaineratu du Mankomunitatearen lehen pausoa "batzordeak definitzea eta eratzea izango dela. "Horretan lanean dihardugu jada", gaineratu du.

Kortabarria, presidenteorde

Mankomunitateko batzar na-gusia martitzenean, irailak 17, egin zuten, eta, botazio bidez presidente kargua hautatzea gain, presidenteorde kargua ere hautatu zuten. Kargu hori Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak hartuko du, baina aldi baterako izango da; izan ere, hark batzordeko kargua utziko du, eta, ondorioz, Antzuolako Udaleko zinegotzi batek ordezkatuko du. Honela azaldu du Antonek: "Oraingoz, Beñardo Kortabarria izango da lehendakariordea, nahiz eta, gerora, Antzuolako beste zinegotzi batek kargua hartzea aurreikusi dugun. Hala ere, oraindik ez dugu definiturik hau noiz izango den. Momentuz, Beñardorekin batera hasiko naiz lanean eta joango gara pixkanaka gauzak zehazten".

Suradesa erakundea

Batzarrean, Suradesa erakundeko ordezkariak ere hautatu zituzten: presidente kargua Gorka Artolak hartuko du, presidenteorde kargua Izaro Elortzak eta idazkari kargua, berriz, Iraitz Lazkanok. Bizitegi-ondarearen birgaitze eta berroneratzea sustatzeko Debagoieneko eskualdean sortutako enpresa publikoa da Suradesa. Horretaz gain, kapitala ehuneko ehunean publikoa duen sozietate publikoa da eta bailarako herri guztiak dira bertako bazkideak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario