sábado, 6 de julio de 2019

‘Bidean’ lehen diskoa argitaratu du Aran Saiz piano-jotzaileak.

NAIZ



Musika klasikotik, jazzetik eta popetik edandako musikaria da Aran Saiz eta, urte luzez piano-laguntzaile roletan jardun ostean, bakarkako lehen diskoa argitaratu berri du, ‘Bidean’. Hasier Oleaga eta Joseba Loinaz izan ditu bidelagun.
AMALUR ARTOLA|DONOSTIA|03/07/2019 17:35
Aran Saiz, ‘Bidean’ disko berriarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)


Ibilbide nabarmeneko musikaria da Aran Saiz. Pianoan hezkuntza klasikoa jaso ostean Bartzelonako Taller de Music-en jazzean trebatu eta proiektu ezberdinetan hartu izan du parte, beti besteen gidaritzapean, beti piano-laguntzaile rolean. Bidearen zati bat bederen egina duela heldu dio, beraz, bakarkako lehen diskoari: ‘Bidean’.
Lan instrumentala, freskoa, bere ibilbidean lagun izan dituen pop, jazz eta musika klasikoaren aztarnak biltzen dituena. «Berak ez du kantatzen, ez du orkestra bat zuzentzen, baina oso melodia politak egiten ditu, bidaiatzeko sujerentziak, dantzatzekoak, baikorrak», aurreratu du Gaztelupekoko Jose Felix Azkarate Xarra-k.
Lehen bakarkako diskoa hiruko moduan aurkeztu du Saizek, proiektuan bidelagun izan baititu beste bi musikari handi: Hasier Oleaga bateria-jolea eta Joseba Loinaz, piano-jotzailea gisa ezagunagoa, baina kasu honetan eskuartean baxua hartuta datorrena. 
Errimoekin jolasean
Bartzelonako garaiak izan ditu gogoan diskoaren aurkezpenean. 2008. urtean bilakatu zuen bizileku hiri kataluniarra eta bertan eman zituen sei urte, musika zirkuitoan murgildu eta hainbat disko eta proiektutan parte hartuz, «baina beti besteen musika interpretatzen». Avishai Cohen kontrabaxu-jole eta konpositore israeldarraren inspirazioz otu zitzaion berak ere bakarkako lan bat kalera zezakeela. «Inspiratu egin ninduen; berak melodiak hartu, erritmo interesgarriak sartu eta doinu berriak sortzen ditu».
Amatasunak etendako proiektuari orain eman dio forma, ‘Bidean’ lehen diskoarekin. Cohen-en bidetik, eta Saizek duen formakuntza hirukoitza –klasikoa, jazza eta popa– oinarri hartuta, melodia erakargarriak osatzen ahalegindu da oñatiarra, kantuetan erritmoekin jolastuz. Eredu hori jarraitzen dute diskoa osatzen duten zortzi abestiek. 
Musika generoen arteko uztarketak ez diola arazorik ekarri ziurtatu du oñatiarrak, diskoa bere orain arteko ibilbidearen isla baita: «Oso estilo ezberdinetako musika entzun izan dut beti, klasikotik Keith Jarret edo Nora Jonesera, pop kutsu gehiago duen Jamie Cullum ere oso gustuko dut... Nire izatea horrelakoa da, oso estilo ezberdinetatik edan dut, eta horiek daude disko honetan».
Lehen zuzeneko kontzertuak ere lotuta ditu piano-jotzaileak. Bere herrian, Oñatin, emango du lehena, uztailaren 10ean Lazarragako parkean. Hamar egun beranduago, hilaren 20an, Gasteizko jazz jaialdiaren egitarauaren barruan ariko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario