martes, 11 de junio de 2019

Zubillagako jolaslekua amaituta.

Zubillagako jolaslekua amaituta, argiteria aldatzea bakarrik falta da auzoko eraberritze proiektua guztiz osatzeko


2019/06/11
Azken lanok datozen egunotan egitea aurreikusten da
  Zubillaga auzoa berritzearekin batera, LED motako luminariak jarriko dira. Materiala aspaldi jaso zen udaletxean eta eraberritze lanak noiz bukatu zain egon dira. Ostiralean jada amaitu ziren Zubillagako jolasleku berria eratzeko lanak eta bihar-etzi hasiko dira luminariak aldatzen.
  Zubillagan egin diren azken berritze lanen eremuan dauden luminariak aldatuko dira. Egun dauden 150 W.ko luminarien ordez, LED motakoak jarriko dira. Guztira, 12 luminaria aldatuko dira, 11 argi-puntu guztiz berrituko dira eta zutoinetan nahiz fatxadetan jarriko dira eta beste baten kasuan, lentea soilik aldatuko da. Horrela, Zubillaga auzoko berritze eta irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak guztiz bukatuko dira auzoko jaiak, San Pedroak hasterako.
  Argiteria lanak eginda, udalak, orain lau urte hasi zuen egitasmoa guztiz osatuko da. 2015ean, Sestra enpresari eskatu zitzaion Zubillagako auzoa eraberritzeko proiektua osatzea. Ordutik, faseka, hainbat egokitze lan egin dira: lehenengoan, Ulma Forja paretik Artixa errekaren zubirainoko lanak egin ziren eta bigarrenean Martelopezkua baserriaren ingurutik pilotalekua eta auzo elkartera bitartekoak. Eta hirugarrena, Zubillaga auzoko bizitegi eremu nagusia, auzo-etxearen inguruak eta San Pedro elizaren atzealdeko jolas parkea hartu dituena. Auzo-etxetik jolaslekurako bidea hobetu da, arrapala bat egokituz; auzo-etxerako sarrera irisgarri bihurtu da zeuden  mailak kendu eta arrapala eginez eta jolas parkea lekuz aldatu da, eliza atzealdean mantenduz baina irisgarriagoa bihurtuz. Honetaz gain, 35-38 zenbakien arteko urbanizazioa konpondu da, oinezkoen ibilbideak berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokituz. Autoentzako aparkalekuak ere egokitu dira.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario