martes, 9 de abril de 2019

Topagunea nola jantzi ari dira erabakitzen.

GOIENA

Topagunea nola jantzi ari dira erabakitzen
Eltziako Topalekua
Gune horretan azkar eta arin muntatzen diren altzariak edo moduluak behar dituztela argi ikusten dute, mugikorrak beharko dutela izan. Ekitaldiak egiteko erabiliko da, baina barrura sartzeko gonbidapena ere egin beharko dio guneak bisitariari.
Eltziako sarreran dagoen espazioak du izena Topagunea. Hutsik dago egun. Harraska, ur beroa eta armairu batzuk daude bakarrik gunearen barrenean, baina espazioak ez du beste elementurik. Eltziako sarrera da, han egoitza duten taldeengana joateko pasabidea.

Bertakoen beharrak

Espazio hori aprobetxatu eta gune horrek bere funtzioa betetzea zen asmoa hasieratik, eta orain, Eltziak zein erabilpen eta funtzionamendu duen ikusita erabaki dute espazio hori janztea, hornitzea. Horko elementuak, baina, eltziakideen beharrak beteko dituztenak izango dira, eta baita kanpotik etor daitezkeen eskaerei erantzuteko modukoak ere. Eta pisu handiena bertakoen beharrei emanez hasi da lanean taldetxo bat. Pez estudioko adituekin batera ari dira lanean. Dagoeneko bi bilera egin dituzte. "Bilera hauetan argi ikusi da gune horretako elementuek mugikorrak izan behar dutela, eta, beraz, gurpilak dituzten moduluen edo piezen alde egin da. Elementu horien materialei dagokienez ere berba egin da", dio Parte-hartze Saileko udal teknikariak, Onintza Andresek.

Bi gunetan banatuta

Espazioa bi gunetan banatu du talde honek. "Batetik, taberna ondoan dagoen tokia dago. Bestea baino txikiagoa da eta, era berean, zaratatsuagoa ere bai. Beste espazio handia, kristaldegiaren parean dagoena, aldiz, lasaiagoa da. Horrek, baina, erabilera ezberdinak ditu egunaren edo momentuaren arabera, eta unean uneko beharretara egokitzeko moduko espazioa izango da", adierazi du Andresek.
Bilerak, zuzeneko ikuskizunak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, aurkezpenak... edo eltziakideek antolatzen duten beste edozein ekitaldi egiteko izan daiteke espazio hori. Baina ekintza bakoitzak funtzionalak diren bere elementu propioak izan behar ditu. Horiek, aldi berean, azkar muntatu edo desmuntatu daitezkeenak izatea komeni da, espazioa erabili behar duen hurrengoak bere beharretara egokitzeko. "Nolako argiak beharko diren, agertokiaren tamaina zein izan daitekeen, mahaiak egonez gero nola kokatu beharko diren... halako zalantzak argitzen ibili gara bi bilera horietan. Topagunean bertan egin ditugu bilerak, espazioaren neurriak ikusiz, eta lurrean eta paretetan markak egin ditugu balizko mahai, foku edo bestelako elementuek zenbat okupatzen duten garbiago ikusteko eta modu batera edo bestera jarriz gero zenbateko tokia gelditzen den aztertzeko", dio Parte-hartze teknikariak.

Ekainaren amaierarako

Topagunearen espazio handienak, era berean, Eltzian dauden eragileengana joateko gonbidapena ere egin beharko dio bisitariari. "Barruan zer egongo den adierazi beharko dio sartzen denari, eta, nolabait, barrura sartzeko bidea zein den adierazi. Bestalde, eltziakideek zer egiten duten adierazten duten elementuak jartzea ere komentatu da bilera hauetan", Andresen esanetan.
Espazio publikoaren kudeaketarako formulak ezagutu zituzten azaroan Eltzian bertan egindako topaketa batean. Bi bilera hauetan gauza asko definitu dituzte eta hirugarren bilera laster egingo dute; horrekin gunearen gutxi gorabeherako diseinua lotuta geldituko da. Bilera horiek eman dutena, baina, Eltziako batzarrera eramango dute taldekideek eta han eman beharko diote oniritzia. Muntaketa nola egin erabaki beharko dute gero. Asmoa da ekainaren amaierarako Topagunea jantzita egotea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario