martes, 2 de abril de 2019

Hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta ordezkoei jakinarazpenak banatzen ari dira.

2019/04/01.


Agiriak, udaltzainek eskura eramango dizkiete


  Zozketaz hautatutako 135 herritarrak ari dira jasotzen apirilaren 28an hauteskunde mahaian egoteko deialdia. 45en kasuan, presidente edo bokal titular izateko izendatu direla jakinaraziko zaie eta gainontzekoei, hauen ordezko izateko. Alegia, titularrak ezintasunen bat baleuka hori ordezkatuko beharko dutela. Kasu honetan ere, postu bakoitzerako lehen eta bigarren ordezkoak izendatu dira.
  Legez, derrigorrezkoa da hauteskunde-mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Badira ordea, hori ez betetzea justifikatu dezaketen hainbat kasu. Halakoren batean dagoenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Alegazio-eredu bat gertatu dute udaletxean eta  hori beteta, eta alegazioan adierazitakoa egiaztatzen duten agirien kopiak, HAZ bulegoan presentatu ahal izango dira, bertatik Bergarako Hauteskunde Juntara bidaltzeko,honen ardura baita onartu ala ez.
  Udaltzainak, larunbat arratsaldean hasi ziren jakinarazpen agiriak banatzen. Jakinarazpenekin batera liburuxka bat ere ematen da, hauteskundeak eta presidente eta bokalek bete beharreko lan eta arduren inguruko informazioarekin. Udaltzainak etxera joaterakoan interesatua ez badago, berriro bueltatzen dira. Oso garrantzitsua baita izendapenak eskura eramatea interesatuak jaso duela ziurtatzeko.
  Gaur amaitzen da bestalde, ikusmen arazoak dituztenentzat botoa braillez eman ahal izateko eskaera egiteko epea. Eta gogoratu, apirilaren 28an botoa zuzenean dagokion mahaira eraman ezin duenak postaz eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago hilaren 18ra arte. Datorren astelehenean bertan hasiko dira botoa postaz ematea eskatu dutenei dokumentazioa bidaltzen eta hori jasota, eta gustuko hautagai zerrenda aukeratuta, astelehenean hasi ahal izango da baita ere, posta bidezko botoa ematen.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario