lunes, 4 de marzo de 2019

Kiroldegia eraberritzeko lehen faseko lanak .

Kiroldegia eraberritzeko lehen faseko lanak lizitaziora ateratzea onartu zuen udalbatzak aho batez

Kiroldegiko eraberritze lanen aurkezpena


2019/03/04.
Prozesuaren iraupen luzea eta aurrez diru poltsarik ez sortu izana salatu zuten jeltzaleek
  Kiroldegiko sarrera nagusiaren ezkerraldera dauden azpiegiturak berrituko dira lehen fase honetan, igerilekuak, aldagelak, sauna, gimnasioa eta squashak. Kantxa  berdean, bertako aldageletan eta pilotalekuan ere egingo dira zenbait lan. Guztira, 8,4 milioi euroko (BEZ barne) aurrekontua dute lehen faseko lanek, eta lizitazio prozesuan ustekaberik ez bada, udan hasi eta 2020a amaitzerako bukatu asmo dira.
  Lehen fase honi dagozkion lanak 5 lotetan banatzen dira esleipenerako baldintza zerrendan eta finantzazioa 2019, 2020 eta 2021ko aurrekontuen kargura egitea aurreikusten da. Horrek, hurrengo bi urtetarako aurrekontu konpromisoa hartzea eskatzen du.
  Lanak egitearekin eta baldintza plegoa onartzearekin ados egon arren, plegoa bera berandu jaso izanagatik kexa azaldu zuen bozeramale jeltzaleak osteguneko Osoko Bilkuran, eta gaiaren inguruan bi puntu salatu zituen, prozesuak izan duen iraupen luzea eta aurrez diru poltsarik ez sortu izana. Datozen urteetako udal aurrekontuak guztiz baldintzatuko dituzten lan hauei aurre egin ahal izateko plan ekonomiko-finantzeroa egitea askotan eskatu dutela esan zuen Lourdes Idoiagak. 
  Udalak zuen zorra kasik erabat murriztu dutela erantzun zion alkateak eta halako inbertsio estrategikoari aurre egiteko moduan daudela esan zion. Hartuko litzatekeen zor berriak 2011n zegoenaren parera eramango lukeela gaineratu zuen. Petrina pitin bat estutzea ekarriko lukeen neurrira baina zorpetze maila eramangarrira, Mikel Biainen hitzetan.
  Eztabaidak eztabaida, udalbatza osatzen duten bi taldeek baiezkoa eman zioten baldintza plegoari eta aho batez onartu zen kirolegia eraberritzeko lanen lehen fasea lizitaziora ateratzea.
  Gauzak ondo, lanak udan esleitu dira. Igerileku ondoko belardian hasiko dira lanak, kiroldegiko eguneroko jarduna oztopatu gabe. 2020ko urtarrilean eraikin barruan hasiko dira eta orduan itxiko dira igerilekuak eta gimnasioa, besteak beste. Kantxa berdea, urdina eta pilotalekua irekita mantenduko dira. Lanak urtebeteko epean amaitu ahal izatea espero dute udal arduradunek. Gainera, udalaren asmoa da gimnasioa eta agian beste zerbitzuren bat ere bai, herriko eraikin publikoren batean egokitzea obrak dirauen bitartean.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario