sábado, 16 de febrero de 2019

«Herritarrek ikusi dute EH Bilduk badaukala lan egiteko estilo bat».

berria


Zortzi urte beteko ditu Oñatiko alkate Biain EH Bilduko kideak, eta orain utzi egingo du, jende berria behar dela iritzita. EAJrekiko bereizgarri gisa, herritarrekin izandako gertutasuna eta zintzotasuna nabarmendu ditu.



 JON URBE / FOKU 

2019ko otsailak 15

Aurkeztu zen bera lehen aldiz alkategai, eta irabazi. Eta, hala, ezker abertzalea lehen aldiz, Oñatiko (Gipuzkoa) alkatetzan. Horixe gertatu zitzaion duela zortzi urte Mikel Biaini (Oñati, 1977). Bilduren zerrendan aurkeztu zen. Orain lau urte ere atera zen alkate, EH Bildukoa. 1979tik aurrera EAJk herrian izandako udal hegemonia apurtu zuten. 2011ko pasadizo bat gogoan du Biainek: «Hauteskunde gauean EAJko Uri Batzarreko kide batek bere semeari esan zion parentesi bat izango zela Bilduren agintaldia; ez zela txarra izango haientzat, jendea konturatuko zelakoan EAJren beharra izango zela berriro. Oso gazte ikusten gintuzten EAJk eta beste sektore batzuek. Baina 2015ean berriro lortu genuen irabaztea». Zortzi urteko ibilbidearen ondoren, udala utziko du: datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetan ez da hautagai izango. «Lekukoa eman beharra dago. Alkatetzan zortzi urtean egonda, freskura pixka bat galtzen duzu, eta neke puntu bat ere badut. Ideia berriak behar dira, begi berriak».

Biainek dio 2011n alkategai izan aurretik «beti ezker abertzalearen inguruan» ibili zela. Pare bat urte lehenago, parte hartu zuen, Oñatin, ezker abertzalearen estrategia aldaketari buruzko eztabaidan, eta «giro berezi bat» sumatu zuen. «Ilusio handiz bizi» izan zuen garai hura, eta animatu zen hautagai izatera. «Hasieran, Oñatiko Bilduren zerrendan joateko eskatu zidaten, eta baietz nik. Gero prozesu bat egin zen, eta alkategai joateko proposatu zidaten. Aurrera hor ere». Haien udal zerrendan jende berri asko zegoen. Aitortu du «zail» ikusten zutela EAJri irabaztea, baina, bederen, pentsatzen zuten «oso emaitza ona» lortuko zutela. Bozetako emaitza: hamazazpi hautetsietatik 11 Bilduk, eta gehiengo osoa; EAJk, beste sei aulkiak —duela lau urte, berriz, hamar eta zazpi geratu ziren—. Udaletxera beharrera, beraz. Herritik gertu egiten zuen lan Biainek: Arrasaten (Gipuzkoa), CAN Nafarroako Kutxaren bulegoko zuzendari gisara.

Urte hauetan guztietan Oñatiko EH Bilduren oinarri ideologikoak pertsona, «ama lurra», kultura eta «askatasuna» izan dira. «Hortik abiatuta, helburu batzuk finkatu izan ditugu, eta, ondoren, ekintza plana. Bide horri leialak izan garela uste dut», azaldu du alkateak. Azken batean, EAJren udal politikaren aldean «desberdina» egin nahi zuten.

Esate baterako, zerbitzu publikoetan egindako «apustua» nabarmendu du Biainek. Kale garbiketaren publifikazioa egin zuten, prozesu luze baten ondotik. «Kale garbiketa modu zuzenean kudeatzen du udalak. EAJrengandik asko bereizten gaituena hori da, adibidez». Beste diferentzia bat: «konfiantzan oinarrituta», proiektu komunitarioen alde emandako pausoak. Eltzia egitasmoa jarri du eredu modura: «Eraikin huts batean, herriko elkarteekin bizitza bat sortu dugu. Oso planteamendu ekonomizista egiten zuen oposizioak, baina guk genioen gauza guztiak ezin direla zenbakitan ipini eta martxan hasi behar zela. Eltziak bizitza bat izatea zen gure asmoa, horrenbesteko kontrolik izan gabe gure partetik. EAJren jarrera beti izan da kontrola izatearena». Migratzaileekin ere hartu ditu udalak neurri jakin eta «aberasgarriak».

Egitasmoez gain, «herritarrengandik gertu» egoteko eta haiekiko «gardentasuna eta zintzotasuna» izateko, lan egiteko estiloari garrantzi handia eman dio EH Bilduk, Biainen esanetan. «Oñatiko udaletxean makineria bat zegoen martxan, gure aurretik beti EAJk agindu zuelako». Hala, «edozein erabaki herritarrekin partekatzeko lan handia» egin dute. Bilera zabalak, eta «pedagogia». Alkateak kasu batean egin du azpimarra: hondakinenean. «Duela lau urte herri batzuetan EAJrentzat gai hori izan zen udal gobernura iristeko tranpolina. Oñatin, ordea, ez zuen lortu. Herritarrek ikusi dute EH Bilduk baduela proiektu bat eta baduela beraiekin lan egiteko estilo bat».

Nabarmendu du filosofia horrekin aritzeko hautetsia ezin dela bulegoan soilik egon. «Gobernantzaz asko hitz egiten da politikagintzan, badaude araudiak parte hartzeaz, baina hori gauzatu egin behar duzu. Gure kasuan, eraldaketa soziala aurrera eramateko, eta elkarlanean».

Alternatibarako giltzarria

Biainek uste du EH Bildu udalgintzan ari dela horrelako pausoak ematen —Gipuzkoan, Errenteriako eta Azpeitiko kasuak aipatu ditu—, eta EAEn hasi dela EAJren alternatiba modura agertzen. «Alternatibaren sinesgarritasuna izatea da giltzarria. Proiektu bat edukitzea eskatzen du horrek, ekintza zehatzak, esperientzia —ezker abertzaleak ez du motxila hori betea oraindik, baina ari gara—, erreferentziak… Ezin gara geratu diskurtso huts batean».

Alkate zortzi urte beteko dituen arren, ez du bere burua «erreta eta agortuta» ikusten, baina udalean jende berria sartzearen alde dago. Izaro Elorza izango da EH Bilduren alkategaia. «Perspektiba» hartu nahi du Biainek. Lehengo lantokia badu —Caixabank da, orain—, baina umeen zaintzan aritzeko asmoa dauka. Pena txiki batekin doa: azaroan, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekitaldian, Oñatin, ez zuen egin soka-dantza Euskal Herriko agintari nagusiekin, «Jaurlaritzak azkeneko unean atzera egin zuelako».

No hay comentarios:

Publicar un comentario