miércoles, 28 de noviembre de 2018

Sarreren aurre-salmentarako leihatila digital sistema berria aurkeztu da gaur.


2018/11/28
Salmenta puntu taktila jarri da udaltzaingoaren eraikinean
  Ekitaldi ezberdinetarako sarrerak Txokolateixan erosteko aukera ez da berria gurean. Baina aurrerantzean, Txokolateixan ez ezik, udaltzaingoaren ondoan jarri den salmenta puntuan eta udaleko web atariaren bitartez ere izango da sarrerak aurrez eskuratzeko aukera. Ez bakarrik Udaleko Kultura edo Gazteria departamentuak antolatzen dituzten kontzertu, antzerki eta bestelako ikuskizunetarako, asteroko zine emanaldietarako sarrerak ere, aurrez eskuratzeko aukera izango da leihatila digital sistema honi esker.
 Sarreren aurre-salmentarako lehiatila digital sistema honek aldaketa nagusia ekarriko du zinean, sarrerak zenbakidun edo numeratuak izango baitira aurrerantzean. Zineman eta gainontzeko ikuskizun eszenikoetan. Hala, sistemak, libre dauden jesarlekuen artean hautatzeko aukera emango dio erosleari. Horregatik hiru salmenta bide edo puntuak sarean egongo dira, jesarleku bera birritan ez saltzeko. Baina batetik bestera izango da alderik. Txokolateixan esaterako, sarrerak diruz ordaindu beharko dira; udaltzaingoaren ondoko salmenta puntuan berriz, kreditu txartel bidez. Bietan, sarrera zuzenean eskuratu ahal izango dugu. www.oñati.eus udaleko web atariaren bitartez erosita berriz, kreditu txartelari dagozkion datuak sartu beharko ditugu eta gure helbide elektronikora helaraziko den mezu baten bidez, sarrera inprimatu ahal izango dugu edo mobilean linka klikatu.
  Aurrerantzean, Kultura eta Gazteria departamentuak antolatzen dituzten ikuskizun eta zine emanaldietarako sarreren aurre-salmenta leihatila digital sistema honetatik bideratuko da.  Gerora begira, beste udal departamentu nahiz eragileen ekintzetara zabaldu daitekeela adierazi du kultura zinegotzi Nerea Zubiak gaurko agerraldian.
  Sarrerak aurrez erosteak 50 zentimoko gainkargua izango du, sistemaren kudeaketa gastuari dagokiona. Eta printzipioz, ikuskizun bakoitzerako sarrera guztiak deskargatuko dira sistemara. Horrek esanahi du sarrera guztiak aurre-salmentan saltzen badira takilan ez direla salgai jarriko. Baina salmenta bakoitzari mugak jartzeko aukera ematen du sistema berriak. Hala, bihartik aurrera, abenduaren 9an izango den Go!azen 5.0 antzerki emanaldirako sarrerak salgai jarriko dira 10:00tan baina soilik Txokolaterixan eta udaltzaingoaren ondoko salmenta puntuan. Horrela, Oñatiko haurrei lehentasuna eman nahi zaie.
  Udaltzaingoaren ondoko salmenta puntu horrek, udaltzaingoaren zerbitzu ordutegi berbera izango du hasiera batean, 8:00/9:00tatik 21:00ak arte.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario