martes, 20 de noviembre de 2018

San Migel kooperatibak 100 urte bete ditu gaur.


2018/11


Aktiboan dauden 300nen bat bazkideei urteurren borobilaren logoa duen aterki bana oparituko zaie

   Kale Zaharreko 29an ireki ziren San Migel koopertibaren lehen denda 1918ko azaroaren 20an, gaur 100 urte. Sociedad cooperativa "Benefica San Miguel" de obreros católicos de la villa de Oñate izenpean sortu zuten kooperatiba sei herritarrek: Balbino Lizarraldek, Jose Victor Balzategik, Leandro Ortiz de Zaratek, Jose Ignacio Biainek, Angel Arrazolak eta Bernabe Mugarzak. Garaiko agirietan zehazten denez, kooperatibaren helburua zen kontsumo produktuak ahalik eta prezio onenean eskaintzea, bazkideen arteko harreman onak eta erlijio sentimenduak mantentzea, eta hauen bizi kalitate maila hobetzea, aurrezkiaren bidez.
  Kale Zaharreko denda kale Barriara aldatu zen 60ko hamarkadan eta azken handitzea 1977an egin zen, Txarriduna ostatua izandako lokala erosi ondoren. Janari, edari eta garbitasuneko produktuez gain, sukaldeko tresneria, mertzeria eta perfumeriako produktuak ere saldu izan ditu kooperatibak etapa ezberdinetan. Baina kalitatezko produktu freskoa eta bertakoa saltzeagatik nabarmendu da beti.
  Bazkidetza izan da kooperatiba honen oinarri eta sostengua hasieratik. Egun, 2000 bazkide inguru ditu baina 300nen bat dira aktibo daudenak. Hauei aterki bana oparituko zaie. Eta urtebetetze eguna duten honetan, dendara doazenek ere izango dute mendeurrena gozo-gozo ospatzeko aukerarik. Gainera, Real-Athletic futbol derbirako zortzi sarrera zozketatuko dira datozen asteotan.
  Langileek ere mahaiaren bueltan ospatuko dute mendeurrena. Abenduaren 1ean egingo duten bazkarian, egungo plantilla osatzen duten 11 langileak, kooperatiban jubilatu ziren langile ohiak eta juntako kideak elkartuko dira.
  Atzeko kalea autoentzat itxi izanak kalte egin dio nonbait San Migel kooperatibari. Garai zailak bizi dituzten arren, mendeurrena umorez eta animoz bazkide eta bezeroekin ospatu nahi dutela adierazi digute. Zorionak!!!!
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario