martes, 6 de noviembre de 2018

San Martin egoitzako Nagusien Astea .

2018/11/06.


San Martin egoitzako Nagusien Astea zapatuan hasi eta astebetez luzatuko da

Musika eskolako talde bat San Martin egoitzan


Herriko hainbat talderen bisita eta emanaldiak izango dira


San Martin egunaren bueltan antolatu ohi da izen bereko egoitzan Nagusien Astea urtero. Oraingoan, azaroaren 11n justu ez da ekitaldirik izango baina bai, 10etik 17rako astean gainontzeko egunetan. Eta beste urte batez, herriko talde ezberdinen parte hartzeaz osatu da aste berezi honen egitaraua.
  Nagusien Astea larunbatean hasiko da familia ospakizunarekin. Eguneko lehen hitzordua 13:00etan hasiko den meza da. Parrokiako koruak abestuko du urteroko ohitura berrituz. Ondoren, familia bazkaria egingo dute. Eta bazkalostea girotzen Juan Carlos Irizarrek kontzertua eskainiko du. Zapatuko bazkarira egoitzako bizilagun bakoitzak bi senitarteko gonbidatu ohi ditu. San Martingo juntako ordezkariak ere bazkari berezi honetan parte hartzen dute.
  Datorren astelehenean, bolo txapelketa eta txokolatada egingo da. Asteartean, Jose de Azpiazu musika eskolako neska-mutilen kontzertua izango da. Asteazkenean, ekintza bikoitza programatu da, goizean, opari eta guzti izango dituen bingo berezia jokatuko da eta arratsaldean, Oñatz dantza taldeko neska-mutikoen erakustaldia. Ostegunean berriz, Oñati Abesbatzaren kontzertua eta ondoren, kantuz alaituriko afari merienda eskainiko da. Ostiralean, sukaldaritzarako trebezia erakutsiz egoiliarren pintxo eta postre lehiaketa egingo da, eta zapatuan azkenik, musika emanaldia izango da. Berezia izango da azken ekitaldi hori ere, San Martingo egoiliarren hainbat senitartekok propio osatu duten taldearen emanaldia izango baita. 
  Nagusien Astea, San Martinen bertan bizi direnei zuzendutako ospakizun aste berezia da baina herritar guztioi irekita dago.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario