martes, 9 de octubre de 2018

Udal zerga eta tasak izoztu.

2018/10/09.


Udal zerga eta tasak izoztu eta bere horretan mantenduko dira datorren urtean


Interes bereziko lanen hobari aukerak gehitu dira eta etxeko obra txikien gutxieneko aurrekontua murriztu egin da
  EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioz, gehiengoz onartu ziren 2019ko udal ordenantza fiskalak osteguneko Osoko Bilkuran. Irizpide orokorra zerga ordenantza bere horretan mantentzea izan da, hau da, datorren urtean jaso gabe, aurtengoaren pare mantentzea. Baina izango da aldaketarik. Eguneko Zentroko tasa desagertu egingo da, zerbitzua KABIA Foru erakundearen eskura aldatuko delako, eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ez dute Santa Anako instalazioen lagapen tasarik ordainduko.
  Baina aldaketa esanguratsuenak eraikuntza eta instalazio obra zergetan izango dira, hobari berriak aplikatzea onartu baitzen Osoko Bilkuran. Interes bereziko hobarituen zerrenda zabaltzea erabaki zen lau aukera berri jasoz: tokiko merkataritzako negozio berriak eraiki edo birgaitzeko obrei % 75eko hobaria aplikatuko zaie, ITEak behartutako obretan % 95eko hobaria, gune historikoko fatxadak eraberritzerakoan %75a fatxada guztiak eraberritzen badira edo % 50a fatxada bakarra eraberritzen bada, eta leihoak aldatzerakoan % 25a etxebizitza kokatuta dagoen eremuaren zarata  maila zarata-maparen batez bestekoaren gainetik badago edo leiho berriek Hirigintza departamenduko baldintza teknikoak betetzen badituzte.
  Leihoak aldatzea etxean egiten diren obra txikietakoak dira eta horretan ere izango da berrikuntzarik datorren urtean, lan txikien gutxieneko aurrekontua murriztea onartu baitzen Osoko Bilkuran. Bainugela konpontzeagatik 3000 euroko gutxieneko aurrekontua finkatzen da gaur egun, baina 2019an, 1500 eurora jaitsiko da, eta leihoak aldatzeagatik jarrita zegoen gutxienekoa desagertu egingo da.
  Horiekdatorren urteko udal zerga eta tasetan izango diren aldaketa nagusiak dira. Horietako asko EAJren proposamenez onartu zirela adierazi zuen Lourdes Idoiaga bozeramale jeltzaleak Osoko Bilkuran. Hala ere, bi proposamenek aurrera ez zutela egin azaldu zuen: kiroldegiko familia bonoaren kasuan seme alaben adina 23 urtera jasotzea eta banda marroi/gorria gaitzak jota dauden pinudien jabeei Ondasun Higiezinen Zerga ez kobratzea. Kiroldegiko obrak amaituta bazkide kuotak orokorrean berrikusteko asmoa dagoenez aldaketa puntualik ez egitea erabaki du gobernu batzordeak. Gaitzak jotako pinudien kasuan berriz, Foru ogasunari kontsulta egitea erabaki dela azaldu zuen alkateak, baina printzipioz, guztiak hoberitzea baino pinutik beste arbola batzuek landatzeko trantsizioa hobaritzea egokiagoa litzatekeela zehaztu zuen.
  Azkenean, esan bezala, 2019ko zerga ordenantza gehiengoz onartu zen, EH Bildukoen aldeko botoz eta EAJkoen abstentzioaz.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario