sábado, 8 de septiembre de 2018

Arantza artetik Gipuzkoako zaindari izatera.

GOIENA

   GIZARTEA  OÑATI
Benedikto XV.a aita santuak izendatu zuen Arantzazuko Ama gipuzkoarren zaindari 1918an eta ospakizun eguna irailaren 9a izango zela esan. Aurten dira, aldi berean, 550 urte Uribarri auzoko Rodrigo Baltzategi artzainari agertu zitzaiona.
Arantza artetik Gipuzkoako zaindari izatera
Arantzazuko Amaren irudia |  Ikusi handiago |  Argazki originala
Duela 100 urte, 1918ko urtarrilaren 23an, erabaki zuen orduko aita santuak, Benedikto XVak, Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari izendatzea. Aldi berean, baita haren omenezko ospakizun eguna irailaren 9a izatea ere.

Garrantzia

Garai hartako kronikek jasotzen dute sekulako pozarekin jaso zutela berria Oñatin. Baita Gipuzkoa osoan ere. Berehala eratu ei zuten batzorde bat ospakizunak antolatzeko eta apiriletik irailaren erdira bitartean hamabost erromesaldi egon ziren, gutxienez. Horietako lehena, oñatiarrena. Lau mila herritar joan omen ziren oinez 1918ko apirilaren 28an Oñatitik Arantzazura. Arrakasta ikusita, orduko agintariek erabaki zuten urtero egitea erromesaldia, irailak 9 dituenean. Eta aurten ere egingo da.
Arantzazuko Amabirjina 1468an, duela 550 urte, agertu zitzaion Uribarri auzoko Rodrigo Baltzategi artzainari. Gertaera horrek garrantzia hartu zuen orduko gizartean eta notizia hedatuz joan zen Euskal Herriko mugak ere zeharkatuz. Eliza eraiki zuten herritarrek gertaera izan zen tokian eta orduan sortutako Arantzazuko Kofradiak ostatua eraiki zuen erromesak hartzeko. Arriarango Juana izan zen ostatu haren zaindaria. 1501ean frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirenetik, eurak izan dira Amabirjijnaren zaindariak, sasoi batean mesedetako erlijiosoak egon baziren ere.

Arrazoiak

Elias Martinez de Zuazo frantziskotar arabarra izan zen Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari izateko nahia egi bihurtzen hasi zena. "Gogo hori zuen berak buruan eta lanean hasi zen hori nola gauzatu pentsatzeko. Harekin batera, udako oporrak Arantzazun pasatzen zituen Julian Lojendio estatuko abokatu donostiarra eta orduan Oñatiko alkate zen Esteban Gomendio zeuden hiruko lantaldean", dio Jose Mari Arregi frantziskotar oñatiarrak.
Lojendiok hitzaldi pare bat egin zituen Donostian Arantzazuko Amari buruzkoak. Oñatiko Udalak, berriz, erabaki zuen eskutitz bat bidaltzea Gipuzkoako Aldundira hark Gotzaindegira bidaltzeko. Juan Carlos Guerra arrasatear abokatuak egin zuen idatzia. Zaindari izendatzeko aipatzen zituen arrazoien artean zeuden esaterako, agertu eta gutxira bukatu zela oñaztarren eta ganboatarren arteko gudua; baita euria ekarri zuela, lehorte gogor bati amaiera emanez. Gaineratu zuen XVI eta XVII mendeetan herritarrek, itsas gizonek zein militarrek esker oneko ofrendak nola egiten zizkioten Amabirjinari. Eta noski, Inazio Loiolakoak gaua Arantzazun pasa zueneko eguna.
Eskutitz hori Oñatiko Udaleko zinegotzi guztiek sinatu zuten eta horietako bat, Bernardo Irizar, Gipuzkoako herri guztietan izan zen atxikimenduak jasotzen; 90 herrietatik 84k eman zioten babesa eskutitzari. 1912. urtea zen hori. Elizaren barruan aldaketak egon ziren hurrengo urteetan eta azkenean, Leopoldo Eijo y Garay gotzain galiziarraren eskutik heldu zen eskaera azken instantzietara, Erromara.

7.000 erromes

Duela 100 urteko irailaren 9an goizeko bostetan jo zituzten kanpaiak Oñatin Arantzazurako igoera hasteko. Zortzietan iritsi ziren gora; handik eta hemendik etorritako 7.000 erromes inguru, tartean, Eusko Ikaskuntzako lehen kongresuan parte hartu zuten hainbat lagun. Oinez joandakoez gain, 70 automobiletan eta beste 30 zaldi-gurdietan joandako elizgizonak eta lurralde ezberdinetako politikariak joan ziren Arantzazura. "Bi orduko meza izan omen zen, pausatua. Kanpoan jarritako aldare baten bueltan batu zen jendea. Orduko eliza gaur egun kripta moduan ezagutzen duguna zen eta jakinekoa zen joandako guztiak ez zirela han sartuko. Bazkaria ere egon zen eta dena ondo antolatzeko txartelak jarri zituzten mahaietan bakoitzak jakin zezan non jarri behar zuen. Domekan ere egongo da bazkaria baina ez da garai hartako beste handia edo luxuzkoa izango. Garai honetan ez da hori tokatzen", dio Jose Mari Arregik.

Originala

Frantziskotarrak Arantzazun dauden urte guzti hauetan hiru aldiz hartu du su elizak. Amabirjiñaren irudia ez da erre, onik atera da sute guztietatik eta egun Arantzazuko eliza nagusiaren absidean dagoen irudia bera da duela 550 urte artzainari agertu zitzaiona. "Duela urte batzuk mantu edo kapa batekin batera egoten zen. Baina eliza berriztu zutenean, XX. mendean, eliza modernoa egin zuten eta ikusi zuten irudi hori ez zetorrela bat. Eztabaida piztu zuen erabakiak baina mantua kentzea erabaki zen azkenean. Orain, egia esan, lehen baino hobeto ikusten da. Irudia bera, zintzarria eta arantza, hiru elementu horiexek dira originalak", dio frantziskotar oñatiarrak.
Irudiak 36 zentimetro ditu altueran eta pisua da bederatzi kilo. Domeketako meza ostean ondotik ikusteko aukera egoten da aldarearen eskuineko aldean dauden eskailerak igota.

Igandeko ospakizuna

Domekan, 12:00etan izango da meza nagusia. Homiliaren ostean izango da. Frantziskotarrek testu bat irakurriko dute eta beste bat Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, frantziskotarrek hala eskatuta. Testuen irakurketaren ondoren, lore sorta bat eskainiko diote Ama Birjinari. Meza Gipuzkoako gotzainak, Jose Inazio Munillak, esango du. Hainbat politikarik esan dute han izango direla; besteak beste, Bakartxo Tejeriak, Eider Mendozak, Arantxa Tapiak, Markel Olanok eta Oñatiko Udaleko zinegotziek.
Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzu berezia egongo da domekan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario