martes, 29 de mayo de 2018

Batzokian egindako pintadak gaitzetsi ditu Oñatiko EAJk.

   GIZARTEA  OÑATI
Oñatiko batzokia EAJren aurkako pintadez beteta agertu da asteburuan. Eta jeltzaleek adierazi dute "oraingoan, alderdiaren aurkako irainez gain, herriko zinegotzi baten aurkako pegatinak ere zabaldu direla herrian". Horregatik, babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan dio EAJk zinegotzi horri.  
"Garai berrietan bizi garela esaten dugun arren, bereziki Oñatin behin eta berriz errepikatzen diren horrelako ekintzek bistako egiten dute egileek duten etika zein giza eskubideen aldeko errespetu falta ikaragarria", adierazi dute EAJko kideek prentsa-ohar bidez, eta gaineratu dute: "Are gehiago, pintada horiek argi eta garbi erakusten dute Oñatin ez direla inposizioaren kultura, iraina eta errespetu-eza baztertu".
Era berean, "herritarren bizikidetza oztopatzen" dutela halako ekintzek uste dute, eta errespetua exijitu dute: "Errespetua iritzi aniztasunarekiko eta errespetua oro har, Oñati osatzen duten herritar guztiekiko". Eta Udal gobernuari eskatu diote asteburuko "ekintzak kondenatzea, eta erasotua izan den zinegotziari zein EAJren udal taldeari babesa azaltzea".

Lanean jarraitzeko gertu

Zera gaineratu dute: "Intolerantziatik jaiotako ekintzek ez dute lekurik gure gizartean, eta are gutxiago, bizikidetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko sustatzen ari garen bake bidean. Tamalez argi geratu da beste behin, Oñatin oraindik beharrezkoa dela politikoki, eta baita herri mailan ere, horrelako ekintzak salatu eta erasoei aurre egitea, baita bakea eta bizikidetzaren inguruko pedagogia lanketa sakon bat egitea ere".
Oñatiren eta oñatiarren alde lanean jarraituko dutela berretsi dute EAJko kideek "errespetuan oinarritutako elkarbizitzan baten aldeko gure apustua defendatuz".

No hay comentarios:

Publicar un comentario