lunes, 19 de marzo de 2018

Eltziako taberna-kafetegia kudeatzeko esleipena eman gabe utzi du Kontratazio Mahaiak.


2018/03/19
Proposamen bakarra aurkeztu zen eta ez du eskatutako euskara maila egiaztatu
  Esleipen prozesuari dagokion baldintza teknikoetan hizkuntza baldintzak zehaztu eta jaso ziren. Horien arabera, kontratatuko litzatekeen enpresako langileek euskaraz berba egin eta ulertzeko gai izan beharko lukete. Hizkuntza gaitasun hori egiaztatzeko bi bide lituzke enpresa lizitatzaileak, zuzenean, zerbitzua emango duen edo duten pertsonen egiaztagiriak aurkeztuta edo udalak egingo lieken proba gaindituta. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko froga eginda, emaitza EZ GAI izan da eta ondorioz, kontratua ez ematea erabaki du epaimahaiak.
  Horrek esanahi du Eltziako taberna-kafetegia zerbitzua ustiatu eta kudeatzeko kontratazio deialdi berri bat egin beharko duela udalak. Lehenengo deialdian jarritako baldintzak bere horretan mantenduko ote diren edo errebisatu eta egokituko diren erabaki beharko du udalak. Bertan behera utzi den lehen deialdi honetara eskaintza bakarra aurkeztu zen nahiz eta, instalazioak ezagutzeko antolatu ziren bisitetan 14 lagunek parte hartu zuten.
  Eltzia egokitzeko lan garrantzitsuak egin dira azken urteotan. Musika taldeentzako entsegu lokalak prestatu ondoren, gainontzeko taldeentzako espazioak moldatu eta txukundu dira. Eta elkarte eta talde ezberdinak jada bertara aldatu dira. Berriena, Oñatz dantza taldea izan da; dantza eskolak urteetan Errekaldeko sotoan eman ondoren, otsailean Eltziara aldatu zen dantza taldea.
  Eltziako sortzaile, kultur eragile eta erabiltzaileei nahiz bisitan hurbiltzen direnei zerbitzua emango dien taberna-kafetegia itxita dago une honetan, eta hala jarraituko du hainbat astez, zerbitzua ustiatu eta kudeatzeko kontratazio prozedura berria osatu beharko baita.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario