domingo, 25 de febrero de 2018

Pedalei eragiteko prest.

OK MAGAZINEA

2018-02-22 08:42:05
AFIZIONATU MAILAKO 4 OÑATIARREKIN HITZ EGIN DUGU
Pedalei eragiteko prest
Larunbatean aurkeztu zuen Aloñak, aurtengo errepideko denboraldia. Inoiz baino gazteago, eta beti bezala, ilusioz gainezka azaldu ziren Etxe Aundin eginiko agerraldian. Harrobi emankor honetan hazi eta gaur egun, afizionatu mailako tropelean murgilduta dauden herriko lau ziklistak, asteburuan hasiko dira pedalei eragiten. Estreineko horren atarian, Oñati Irratiko kirolen txokoan izan ziren atzo eguerdian.

Helburu ezberdinak izan arren, ilusioz eta gogotsu hasiko dute ikasturte berria, afizionatu mailako lau txantxikuarrek. Bi Ampo taldean arituko dira, Julen Umerez eta Xabi Murgiondo eta beste biak, Ekaitz Txintxurreta eta Ander Gartzia, Debabarrenan.

Julen Umerez (Oñati, 1997) da guztietan zaharrena. Kategorian hirugarren denboraldia hasiko badu ere, oraindik iritsi berria dela esan daiteke. Eskuin belaunean pare bat ebakuntza egin dizkiote azken bi urteetan, eta lasterketa bat baino gehiago egin baditu ere, ez da inoiz, %100ean egon. Eta aurredenboraldi honetan ere, bide beretik dijoa zoritxarrez. Min askorekin jarraitzen baitu. Hile batzuetan behintzet, txapelketak ahaztu egin beharko ditu Umerezek. «Espezialista batengana joko dugu eta ea behingoz ondo osatzen naizen. Baina denboraldi hasiera hau ere, pazientziaz hartu beharko dut zoritxarrez» onartu zuen atzo.

Xabi Murgiondo (Oñati, 1998) Oñatiko ziklismoak daukan esperantzetako bat da. Gazte mailan sekulako denboraldia osatu ostean pasa zen iaz, afizionatuetara. Eta estreineko urtean, ezusteko galanta eman zuen Gipuzkoako 23 urtez azpiko erlojupeko txapelketa irabaziz. «Lehen urtea nahiko ona izan da niretzat. Garaipen bat, eta lasterketa askotan aurrekoekin borrokan ibiltzeko gai nintzela ikusi nuen. Dena den, oraindik puntutxo bat falta zaidala uste dut» zioen. Aurtengo helburuen artean, Gipuzkoako txapela berrestea da ilusio handienetako bat.

Ekaitz Txintxurretak (Oñati, 1998) ostera, aurrerapauso bat eman nahi du aurtengo denboraldian. Kategoria probatzeko asmoz abiatu zuen afizionatuetako abentura iaz eta hasieran «asko sufritu» bazuen ere, konfidantza handiz iritsi zen urte amaierara. Eta aurten, hasieratik egon nahiko luke iraileko sasoi puntu berean: «Orain arte nire kabuz ibili naiz entrenatzen eta aurten, prestatzaile bat hartu dut. Momentuz, aurredenboraldiko zenbakiak dexente hobeak dira. Dortsala jartzen dudan proba guztietan lehiakorra izan nahiko nuke».

Ander Gartzia (Oñati, 1999) da guztietan gazteena. Irailera arte, junior mailan aritu da Aloña Mendirekin eta hasieran, talderik gabe egon bazen ere, garbi zeukan bere burua kategoria berrian ikusi nahi zuela: «Nire lizentziaz, eta bakarrik korritzeko ideia eginda neukan. Baina zorionez, Debabarrenakoek aukera bat emango didate beraiekin lehiatzeko. Alde horretatik, oso eskertuta nago» zioen.

Larunbatean Zumaian

Murgiondo izan da estreinatzen lehena. Duela bi aste egin zuen debuta iparraldean eta igandean Espainiako Kopako lehen probara joango da Badajozera. Bien bitartean, Debabarrenakoak, Zumaian hasiko dute Euskaldun txapelketa larunbatean. Eta Julenek, errekuperazio lanekin jarraitu beharko du.

Atzoko elkarrizketan esan zituztenak entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:


Umerez, Txintxurreta, Murgiondo eta Gartzia pedalei eragiteko prest

No hay comentarios:

Publicar un comentario