martes, 16 de enero de 2018

Ainara Uribarri bigarren.

ok magazinea

2018-01-15 15:37:21
ERA HONETAKO PROBA BAT EGITEN DUEN AURRENEKO ALDIA IZAN DA
Ainara Uribarri bigarren, Kalamua Barinaga jaitsieran
Kalamua tontorretik Barinaga auzora bitarteko mendi lasterketaren bigarren ekitaldia jokatu zen larunbatean Markina-Xemeinen. Joseba Plaza eta Mayi Mujika izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Biak ala biak, garaipena lortzeaz gain, probako errekor berria ezarri baitzuten. Emakumezkoen artean, aipagarria, Ainara Uribarri oñatiarrak lorturiko bigarren postua.

Mendi lasterketa berezia jokatu zen larunbatean Markina-Xemeinen. Kalamua Barinaga jaitsieran izena eman zuten 42 korrikalariek, elkarrekin egin zuten oinez, tontorrerako ibilbidea. Bertara iritsita, banan-banan abiatu ziren Barinaga auzoko frontoian zegoen helmugara. Erlojuaren kontra eta 3,8 kilometro osatu behar izan zituzten -700 metroko desnibela negatiboa-, maldan behera.

Joseba Plaza etxeko korrikalariak 11 minutu eta 13 segunduko denboran amaitu zuen ibilbidea (iaz 00.11.59) eta Mayi Mujikak elgoibartarrak 13 minutu eta 54 segunduko behar izan zituen frontoira iristeko (iaz 00.14.28). Bien kasuan, probako errekor berria ezarri zuten. Bestelakoan, gizonezkoen podiuma Asier Larruzea (00:11:44) eta Ander de Luis-ek (00:11:45) osatu zuten. Emakumezkoetan, Ainara Uribarri oñatiarra (00:15:30) eta Lorena Guinaldo eibartarra (00:15:49) izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatuak.

Lehen esperientzia

Mendi lasterketak ezagutzen baditu ere, jaitsiera baten lehiatzen zen aurreneko aldia izan da asteburukoa, Uribarrirentzat. Futbol jokalaria izanik ere -Aloña Mendiko lehen taldean jokatzen du-, mendi lasterketak ere dexente gustatzen zaizkio Ainarari. Larunbatekoa, bere kirol ibilbidean lortzen duen hirugarren podiuma izan da. Aurrez, Aztirin hirugarren eta Lasterbideanen lehen juniorra izan baitzen.

Aurrera begira hiruzpalau lasterketa egin nahi ditu Marimurumendiko maratoia baino lehen. Hori izango baita Uribarriren denboraldiko helburu nagusiena. Tartean, Udalaitz, Kobaz-Koba, Kolazino eta Aloñako igoera ere egingo duela baieztatu digu.

Ainara Uribarri, podiumean. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

No hay comentarios:

Publicar un comentario