lunes, 20 de noviembre de 2017

Hiru domina lortu dituzte Aloñako korrikalariek..(2017)

OK MAGAZINEA

2017-11-20 15:29:02
IGOR MUGARZA, AITOR DIAZ DE MONASTERIOGUREN ETA MARISOL RAMOS IZAN DIRA SARITUAK
Hiru domina lortu dituzte Aloñako korrikalariek, Irungo Krosean
Asteburuan ireki da kros denboraldia Gipuzkoan eta Aloña Mendiko korrikalariak maila oso onean aritu dira. Kategoria ezberdinetan lehiatu ziren, eta Igor Mugarza, Aitor Diaz de Monasterioguren eta Marisol Ramosek lortu zituzten emaitzarik esanguratsuenak. Mugarza eta Ramosen kasuan, euren kategoriako atletarik azkarrenak izan ziren eta Diaz de Monasterioguren berriz, hirugarren sailkatu zen 18 urtez azpikoen lasterketan.

Hiru domina eta garrantzia handiko beste horrenbeste postu eskuratuta itzuli dira Aloña Mendiko korrikalariak Gipuzkoako lehen kros lasterketatik. Bidasoa Atletiko taldeak antolatuta, probaren 49. ekitaldia jokatu zen atzo goizean, eta denboraldi hasiera izateko, meritu handiko emaitzak lortu zituzten. Kategoria ezberdinetako 22 atleta joan ziren Irunera, eta orokorrean, emaitzak aipagarriak eskuratu ziren.

Igor Mugarza, Aitor Diaz de Monasterioguren eta Marisol Ramos izan ziren gehien nabarmendu zirenak. Mugarzak, 16 urtez azpikoen gizonezko lasterketa irabazi zuen. Diaz de Monasterioguren berriz, hirugarren sailkatu zen 18 urtez azpikoen artean eta Ramos azkenik, beterano mailako emakumezko azkarrena izan zen.

Podiumetik kanpo, baina Erik Martin eta Nahia Lasagabasterren lana ere, aipagarria izan zen. Martinek laugarren postuan amaitu zuen gizonezkoen 20 urtez azpikoen kategorian, eta Lasagabaster bosgarrena izan zen emakumezkoen 16 urtetik beherakoetan. Hurrengo hitzordua, abenduaren 3an izango dute Eibarren.


Diaz de Monasterioguren Irungo podiumean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario