2017-10-05 10:25:58
ELITE MAILAKO ZIKLISTA ERREGULARRENA IZAN DA OÑATIARRA
Arabako BTT Challengea irabazi du Jon Altubek
Jon Altube oñatiarra izan da I. Arabako BTT Challengeko irabazlea. Larunbatean, Forondan jokatu zen azken proba puntuagarria irabazi ostean eskuratu du elite mailako garaikur nagusia. 537 punturekin, 20 puntuko aldea atera dio Erik Acedori.
Sasoi puntu bikainean dago Jon Altube ziklista oñatiarra. Mendiko duatloian ez ezik, mendiko bizikletako probetan ere maila oso altuan ibili baita. Martxoan hasi zen I. Arabako BTT Challengea lehiatzen ibili da azken hileotan eta proba guztietan erregulartasun handia erakutsiz, larunbatean bermatu zuen Elite mailako garaipena.
Zirkuituak bost proba puntuagarri izan ditu. Martxoaren 18an mendiko erlojupeko batekin estreinatu zen egutegia Armentian. Elite mailakoen artean, 4. izan zen Altube. Maiatzean Agurainen eta Ekainean Labastidan, postu berbera errepikatu zuen. Eta irailean, aurrerapauso bat eman du azken bi proba puntuagarrietan. 8an hirugarren postua lortu zuen Arroiabeko proban eta pasaden larunbatean, Forondako lasterketako gizonik azkarrena izan zen bere kategorian.
Challenge guztian erakutsitako erregulartasunari esker lortu du Elite mailako garaikur nagusia txantxikuarrak. Orotara 537 puntu pilatu ditu eta 20 puntuko aldeaz nagusitu zaio Erik Acedori. Podiuma, Iker Larrañagak (437p.) osatu du.
Esan beharra dago, Arabako Challengeko bost proba puntuagarriez gain, uztailean, Aramaion jokatu zen Euskadiko Openean ere parte hartu zuela Altubek. Kasu honetan, 23. postua lortu zuen.
Julen Zumalde ere maila onean
Altubez gain, Julen Zumalde oñatiarrak ere, Arabako Challengeko hainbat proba egin ditu. Master 30 mailan lehiatu da eta Aramaion 19. izan ostean, Arroiabe eta Forondako probetan podiumera igo da. Hirugarren eta lehenengo postuak eskuratu baititu, hurrenez hurren, zirkuituko azken bi lasterketa puntuagarrietan.
Altube eta Zumalde oñatiarrak Forondako helmugan. Argazkiak: @UnaiDem |
No hay comentarios:
Publicar un comentario