martes, 26 de septiembre de 2017

Oñatiarrak protagonista.

OK MAGAZINEA

2017-09-26 14:48:28
OROTARA BOST SARI ERAMAN DITUZTE TXANTXIKUARREK
Oñatiarrak protagonista, Euskal Kopa konbinatuko sari banaketa ekitaldian
Oñatiko korrikalariek protagonismo berezia eraman dute mendi lasterketen Euskal Kopa konbinatuan. Igandean amaitu zen ligaxka berezi honen aurreneko ekitaldia eta txantxikuarrek, bost sari eraman zituzten. Xabi Letek, gizonezkoen maila nagusia irabazi zuen. Maite Anton, hirugarrena izan zen emakumezkoetan eta Jokin Atxaga eta Nagore Uribarrik ere, garaikur nagusia eraman zuten promesa eta junior kategorietan. Ekitaldia borobiltzeko, Aloña Mendik, taldekako sailkapenean lorturiko azpitxapelketa ere nabarmendu beharra dago.

Igandean jokatu zen Beriaineko kilometro bertikalak eman dio itxiera Euskal Kopa konbinatuaren lehen ekitaldiari. Euskal Mendizale Federazioak bultzatu duen egitasmoak, erantzun oso ona izan du eta Oñatiko korrikalariak, maila bikainean aritu dira. Ligaxkak, distantzia eta modalitate ezberdinetako hiru proba elkartu ditu. Lasterketa lineal bat (Aloñako Igoera), ultra bat (Euskal Herria Mendi Erronka) eta kilometro bertikal bat (Beriain). Hiru lasterketak amaituta, igande eguerdian bertan banatu zituzten sariak eta Oñatiarrek, protagonismo nabarmena izan zuten kategoria ia guztietan.

Xabi Lete izan da guztietan onena. Gizonezkoen maila nagusia irabaziz, gaitasun handiko korrikalaria dela erakutsi baitu urte osoan zehar. Aloñan zortzigarren helmugaratu zen, Euskal Herria Mendi Erronkan seigarren eta igandeko kilometro bertikalean, hamabigarren postua eskuratuz, puntu gehien pilatu dituen korrikalaria izan da. Bere atzetik, Jose Luis Beraza eta David Viloria izan dira podiuma osatu duten beste bi ordezkariak.

Maite Antonek berriz, hirugarren postua eskuratu du emakumezkoen maila nagusian. Oñatikoak oso erregularra izan da denboraldian zehar eta zarata handirik atera gabe, baina jarraikortasun handiarekin, podiumeko azken kaxoira igo da. Mayi Mujika izan da garailea eta bigarren postua, Araitz Irazuk eraman du.

Kategoria apalagoetan bada ere, Jokin Atxaga eta Nagore Uribarrik lorturiko garaipenak ere aipagarriak izan dira. Lehenak, gizonezkoen promesa maila irabazi du eta bigarrenak, emakumezkoen juniorrena. Atxagak hiru probak egin ditu eta Uribarriren kasuan, ultra izan ezik, beste bietan lehiatu da -junior mailan debekatuta dago legez, distantzia horietan aritzea-.

Eta maila indibidualean eginiko urte borobilak, taldekako sailkapenean islada izan du. Aloña Mendi, Euskal Kopa konbinatuko azpitxapeldun izan baita Arrolape Mendi Taldearen atzetik. Podiuma, Zortzietakoak taldeak osatu du.

Protagonistak Oñati Irratian

Oñati Irratiko kirol tarteak, asteburuko protagonista guztiak elkartzea lortu du gaur eguerdian. Xabi Lete, Maite Anton, Jokin Atxaga eta Ainara Uribarrik, urte osoan zehar bizi izandako gora-beherak kontatu dituzte, duela ordubete pasatxo amaitu den irratsaioan.

Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:


Atxaga, Lete, Anton eta Uribarri sariekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario