lunes, 18 de septiembre de 2017

Gipuzkoako trabesien txapelketa irabazi du Xabier Gordoa.

ok magazinea


2017-09-18 14:37:05
SENIOR MAILAKO IGERILARI ERREGULARRENA IZAN DA
Distantzia luzeko Gipuzkoako trabesien txapelketa irabazi du Xabier Gordoa oñatiarrak
Errekonozimendu berri bat eskuratu du Xabier Gordoa igerilariak. Itsas-zeharkaldien denboraldia amaitu berritan, senior mailako distantzia luzeko Gipuzkoako igerilari onena izan da txantxikuarra. Lehiatu dituen lau probetan erakutsitako erregulartasunari esker, aurrenekoz eramango du aipatu saria Oñatikoak.

Proba puntuagarri bakar bat irabazi gabe, baina lehiatu dituen lau trabesietan erakutsitako erregulartasunari esker, izan da txapelduna Gordoa. Duela urte batzuk, sailkapen honetako hirugarren postua birritan lortu ostean, aurrerapauso berri bat eman du oraingo honetan.

Distantzia luzeko zeharkaldien egutegiak, sei proba puntuagarri zituen. Urumea, Getaria-Zarautz, Txingudi, Paseo Berria, Irla eta Kontxako Badia. Sailkapena lehiatu ahal izateko, gutxienez, lau proba egitea beharrezkoa zen. Hori horrela, Urumeako eta Paseo Berriko probetan izan ezik, gainontzeko guztietan maila oso erregularra erakutsi du Gordoak.

Getaria Zarautzen (8.), Txingudin (4.), Irlakoan (8.) eta iraileko bigarren asteburuan jokatu zen Kontxako badiakoan (5.) izan ostean, 380,95 punturekin, senior mailako igerilari erregularrena izan da. 18 puntuko aldea atera dio Zugatz Ansa errenteriarrari. «Postuak baino, trabesia bakoitzeko garailearekiko denbora diferentzia puntuatzen da txapelketa honetan. 8 bat urte nindoan sailkapen hau egin gabe eta helburua ez zen lehiatzea. Baina Hondarribiko trabesiaren eguna aldatu dutenez, aurten gutxieneko proba kopurua egitea lortu dut. Hala ere, badakit ni baino maila altuagoa duten igerilariak badaudela. Baina ezin izan dute gutxienez, lau proba eginAlde horretatik, nahiko aurrean ibili naiz proba gehienetan eta pozik nago lortutakoarekin» onartu digu.

Kategoria guztietako sailkapenak kontutan izanik, Gipuzkoako laugarren igerilari onena izan da Gordoa. Irailaren 30ean egingo da Euskal egutegiko azken zeharkaldia baina Gordoak ez du bertan parte hartuko. Denboraldia amaituta beraz, asteburu honetan jasoko du aipatu saria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario