2017-07-07 07:23:55
MIKEL ETXEBERRIA ETA JOKIN ATXAGA DEBUTARIEKIN HITZ EGIN DUGU
11 oñatiar irtengo dira iluntzean, G2H lasterketa gogorrean
Mendi lasterketa zaleek, hitzordu berezia izango dute asteburuan Beasainen. Gaur hasi eta igandera bitartean, festa itzela izango baita Goierriko herrian. Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi maratoiaren asteburuak, mila korrikalaritik gora elkartu ditu. Tartean, urtero bezala, hainbat oñatiar ikusiko ditugu.
Txantxikuar gehienak, erdibideko lasterketan arituko dira. Goierriko 2 Handietan abiatuko diren 515 korrikalarietatik, 11, oñatiarrak izango baitira. Iokin Garai, azken urteetako oñatiar onena (2016 eta 2014an bigarren eta 2015ean txapeldun) ez da aurten lasterketan izango. Baina beste helburu batzuekin abiatuko diren korrikalari kopuru polita irtengo da gaur gauean (23:00), Beasaingo plazatik.
Adituen esanetan, Daniel Agirre eta Aitziber Osinalde dira faborito nagusiak, baina lasterketa hain luzea izanik, lehia irekia espero da. Aralar eta Aizkorri lotzen dituen 88 kilometroko ibilbideak, 6.000 metroko gorabehera pilatzen du eta eguraldi aurreikuspenak aldakorrak izango direnez, edozer gerta liteke era honetako erronka gogor batean.
Oñatiko ordezkaritza
Aurrez aipatu bezala, hamaika txantxikuar elkartuko dira gaur gauean, Beasaineko irteera lerroan. Unai Biain, Mikel Biain, Iñaki Bikuña, Iker Jimenez, Xabi Lete, Jon Lasa, Jon Losada, Asier Sagastizabal, Ander Zabaleta, Mikel Etxeberriaeta Jokin Atxaga. Bakoitzak bere helburu pertsonalak izango ditu eta Xabi Lete izan liteke oñatiarren artean, aurreko postuetan ibili daitekeen korrikalaria.
Bestalde, proban estreinatuko diren Mikel Etxeberria eta Jokin Atxaga, Oñati Irratiko kirolen txokotik pasa ziren atzo eguerdian. Prestakuntzari buruz, eta proban izango duten helburuetaz hitz egin zuten, besteak beste.
Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:
Ehunmilak eta Marimurumendi
G2H izango da txantxikuar gehien batuko dituen lasterketa, baina beste bi probetan ere, ordezkari bana izango dugu. Luzean, Ehunmiletan (168 km.), Xabier Iñurritegieta igande goizean abiatuko den Marimurumendi maratoian (42 km.), Maite Anton.
Etxeberria eta Atxagak aurreneko aldiz egingo dute G2H lasterketa |
No hay comentarios:
Publicar un comentario