2017-05-03 16:58:23
HAINBAT PARTIDU JOKATUKO DITU KADETE MAILAKO TALDEAREKIN
Gipuzkoako selekzioak Odei Delgado oñatiarra hautatu du
Odei Delgado oñatiarrak albiste pozgarria jaso berri du. Kadete mailako Gipuzkoako konbinatuak, aurre-selekzioan sartu zuen eta azken bi entrenamenduetan egindako lan onari esker, hautatua izan dela jakinarazi berri diote. Oraindik egutegia zehaztu gabe dagoen arren, hainbat partida jokatuko ditu selekzioaz, Aloña Mendiko kadete mailako jokalariak.
Gipuzkoako selekzioak Odei Delgado (Oñati, 2002) hautatu du. Duela egun gutxi jaso zuen albistea Aloña Mendiko jokalariak eta atzo arratsaldean OK Magazineari adierazi zionez, «ezustean» iritsi zaio deia. Delgadok urte oso ona burutu du Aloña Mendirekin eta hein handi batean, ikasturtean egindako lan onaren errekonozimendua izan da.
Bere kirol ibilbidea futbolean hasi bazuen ere, azken urte eta erdian Areto-futbolean dihardu. Futbol "txikian" hasi berria izanik, oraindik, «ikasten» ari dela onartu digu. «Futbola eta Areto-Futbola oso ezberdinak dira eta oraindik asko daukat ikasteko» dio. Selekzioarekin jokatu beharko dituen partidak lotu gabe daude oraindik. Hala ere, hile bukaeran lagunarteko bat, eta ondoren, Euskadiko txapelketa jokatuko dutela aurreratu zigun atzo txantxikuarrak.
Beste hiru oñatiar aurre-selekzioan
Odei Delgadoz gain, Aloña Mendik, beste hiru ordezkari izan ditu Gipuzkoako Selekzioetako lan-saioetan. Delgadok, Xanti Egaña (atezaina) izan du alboan azken entrenamenduetan baina azken honek, ez du deialdi definitiboan sartzerik izan.
Jubenil mailan ere, Bittor Perosterena eta Manex Garaik hainbat saio egin dituzte selekzioarekin baina azkenean, hautatzaileak ez ditu azken zerrendan sartu.
Larunbatean kopako finala
Bestalde, Aloñako kadete mailako taldeak, Gipuzkoako kopako finala jokatuko du larunbatean. Hiruko erara jokatuko da finala eta Aloña Mendirekin batera, Inter Fachadas Gipuzkoa eta Hirukide Eskolapioak izango dira aurkariak Gipuzkoako kopa irabazteko asteburu erabakiorrean.
Txapelketa irabaztea «oso zaila» izango dela uste du Delgadok. Baina honaino iritsita, kopa irabazten «saiatuko direla» onartu digu. Hiru taldeek elkarren aurka jokatu beharko dute eta emaitza onenak lortzen dituenak eramango du sari nagusia.
Selekzioaren deia, eta larunbatean jokatuko duten finalaren harira, Odei Delgadorekin hitz egiteko aukera izan berri dugu. Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:
Delgado pozik, atzoko lan-saioaren ostea |
No hay comentarios:
Publicar un comentario