Eskola agenda 21aren baitan biodibertsitateaz egindako lanketa aurkeztu diete ikasleek udal ordezkariei
2017/05/24
San Martin gunea berreskuratzeko proiektu berezia osatu dute Zuazola-Larraña institutuko ikasleek eta hori ere presentatu dute.
Biodibertsitatea izan da Eskola agenda 21ean herriko ikasleek aurten landu duten gaia. 3 eta 18 urte arteko 1500nen bat ikasle aritu dira, bakoitzaren adin eta ezagutza mailaren arabera herriko dibertsitatea aztertzen. Ikasturtean egindako lanaren berri eman diete gaur alkatea eta ingurumena eta auzoak teknikariari. Hainbat proposamen egin dizkiote udalari eta aldi berean, hartu dituzten konpromisoak azaldu dizkiete.
Animalia gaixo eta galduak zaintzeko aterpetxea egokitzea, anfibio eta narrastientzat putzu gehiago jartzea, ingurumena zaintzeko ekintza eta publizitate kanpaina antolatzea, errekak eta basoak garbitzeko kanpainak sustatzea, zakarrontzi gehiago jartzea eta sarriago hustea, Usakon paperontzi gehiago jartzea izan dira ikasleek udalari egindako proposamenetako batzuk. Baina biodibertsitatea zaintzeko konpromisoak ere hartu dituzte: arrantza eta ehiza legeak errespetatzea, merienda eta hamarretakoa tuperretan eramanez hondakin gutxiago sortzea, zaborrak zakarrontzira botatzea, errekak garbitzeko kanpainetan parte hartzea edota mendiguneetan norberaren zaborra jaso eta etxera eramatea, besteak beste.
Zuazola-Larraña institutuko ikasleek gainera, San Martin gunearen egungo egoeraz eta berreskurapenaz proiektu berezia landu dute aurten eta horren berri ere eman diete udal arduradunei. San Martin gunean dauden arte, natura nahiz aisialdi elementuen azterketa egin dute eta ingurua oso utzita dagoela ondorioztatu dute. Baina haratago joanda, elementu guzti horiek berreskuratu eta gunea berriro erakargarri egiteko proposamen konkretuak landu dituzte. Lana ikus-entzunezko batean nahiz txosten batean jaso dute eta ingurua ezagutarazteko gainera, informazio triptikoak osatu dituzte. Honen haritik alkateak azaldu du San Martingo ermita eta serora etxea konpontzeari buruzko bilera egin dutela gaur bertan eta 2018an eraikinean hainbat konponketa egiteko diru partida jarriko duela Foru Aldundiak.
Egindako lana eskertu die alkateak bai Zuazola-Larrañako ikasleei baita Eskola agenda 21ean parte hartu duten gainontzekoei ere, eta egindako ekarpen eta proposamen guztiak aztertuko dituztela agindu die. Udaletxeko pleno aretoan egin den aurkezpena hamarretako batez amaitu dute ikasle, irakasle eta udal arduradunek.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario