Arkonada, lasterketako podiumean |
2017-04-10 12:06:56
EKITALDI GUZTIETAN IGO DA LASTERKETAKO PODIUMERA
Saioa Arkonada hirugarren, Kolazinoko mendi lasterketan
Tiritu Kultur Taldeak antolatuta, Kolazinoko Mendi egunaren hirugarren edizioa ospatu zen larunbatean Bedian (Bizkaia). Mendi martxa, BTT irteera eta 23. kilometroko lasterketa bat antolatu zuten. Azken honetan, emakumezkoen sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu zuen Saioa Arkonada oñatiarrak.
Mendiari lorturiko festa itzela izan zen larunbatean Bedian. Giroa lagun, jende dexente elkartu zen antolakuntzak proposaturiko egitarau oparoan parte hartzera eta mendi lasterketari dagokionean, Saioa Arkonadak hirugarren postua lortu zuen emakumezkoen sailkapen nagusian.
Hiru ekitaldi soilik burutu ditu Bediako mendi lasterketak eta guztietan igo da podiumera Arkonada. Aurreko bi ekitaldietan, bigarren postuan, eta azken ekitaldi honetan, hirugarrenean. Garaipena, Virginia Perezentzat izan zen. Lemoztarrak 2:46:24an osatu zuen ibilbidea. Bigarren postua, Raffaella Ciavola gasteiztarrak eskuratu zuen (2:50:38) eta podiumeko hirugarren postua, aurrez esan bezala, Saioa Arkonadak osatu zuen (2:51:54).
Urteko lehen podiuma
Azaroan Ikaztegietako krosean bigarren izan ostean, hernia inginaleko ebakuntza batetik errekuperatzen eman ditu azken hileak Arkonadak. Normaltasunera itzuli den honetan, sasoi puntua berreskuratu, eta larunbatekoa, 2017an lortu duen aurreneko podiuma izan da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario