2017-04-11 17:57:40
APIRILAREN 23AN JOKATUKO DA XIII. EKITALDIA
Euskal Kopa konbinatuko lehen proba puntuagarria izango da Aloñako Igoera
Aloñako Igoeraren XIII. ekitaldia abiatzeko oraindik hamabi egun gelditzen badira ere, antolatzaileek prest daukate guztia. Pasaden astean aurkeztu zuten lasterketa Arrikrutzen, eta bertan jakinarazi zutenez, Euskal Herriko Kopa konbinatuko lehen proba puntuagarria izango da Aloñakoa. Horixe izango da, aurtengo berritasun nagusia.
Aste Santuetako eta Pazkoako egunak igarota iritsiko da Aloñako Igoeraren ekitaldi berria. Dagoeneko, hamahiru urte beteko ditu mendi lasterketak, apirilaren 23an eta azken urteetan bezala, errekor guztiak hautsiz etorriko zaigu. Izen emateak 14 ordu eskasetan agortu ziren eta beste behin, 300 korrikalariko muga -320- gaindituko du Oñatiko infernuak. Aipagarria beste behin, herritarren kopurua. Aurten, 80 izango baitira irteera puntuan jarriko diren txantxikuarrak.
Ibilbideari dagokionean, ez da nobedaderik izango. Azken hiru urteetako zirkuitu berbera mantenduko baita (22,6 km. eta 1.868 desnibel metatua). Berritasuna, Euskal Herriko Kopa konbinatuan sartzea izan da. Lasterketa lineal bat -Aloña-, ultra bat -Leitza- eta bertikal bat -Beriain- izango dira hiru proba puntuagarriak, eta formato berritzaile hau, Oñatiko lasterketan estreinatuko da.
Maila oso altua
Imanol Goñi lekeitiarra, iazko irabazlea, izango da aurten ere faborito nagusia, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, Canfranc-etik datorren Raul Criado ere faboritoen artean sartu behar da. Emakumezkoetan, Oihana Kortazarrek, iazko irabazleak, ez du parte hartuko eta alde horretatik, garaipenerako lehia irekia izatea espero da.
Kanpokoez gain, aurten, oñatiarren artean maila handiko korrikalariek parte hartuko dute Aloñako Igoeran. Iaz podiumera igo zen Iban Letamendi edo Iokin Garai, Axier Alonso, Iñaki Arriaran...izango dira gertutik jarraitu beharrekoak. Denak ere hamarren barruan ibiltzeko gai dira eta, beraz, lehia polita ikusiko dugu herritarren artean ere. Emakumezkoetan, Maite Zabaleta eta Saioa Arkonda izango dira txantxikuar onenaren garaikurrerako hautagai nagusiak.
Gaztetxoenentzako lasterketak
Goizeko 9etan hasiko da Aloñako Igoera, eta 11ak aldera iritsiko dira lehenengoak helmugara. Tarte horretan, gaztetxoentzako Aloña Txikia egingo da Foruen enparantza eta Dukieneko parkearen artean. Era berean, kadete, junior eta promesa mailako lasterketa ere egingo da estreinekoz. Azken hauek, Belarretik abiatuko dira, lehen korrikalariak bertatik igarotzen diren momentu berean. Hortik aurrera, nagusien ibilbide berbera egin beharko dute.
Antolatzaileak Oñati Irratian
Prentsaurrekoa eginda, antolakuntza taldeko Maite Anton eta Andoni Guridi Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izan ziren atzo arratsaldean. Lasterketaren azken orduko hainbat xehetasun interesgarri eman zituzten eta besteak beste, bolondres beharrean daudela jakinarazi zuten. Aloñako Igoerak 100 bat pertsona behar izaten ditu ibilbide osoa estaltzeko eta azken egun hauetan, hutsune horiek betetzea da kezka antolakuntzaren kezka nagusiena.
Mendiarekiko eta ingurugiroarekiko errespetua ere eskatu zuten atzoko mahainguruan. Saioa osatzeko gainera, iazko irabazlearekin, Imanol Goñirekin ere hitz egin zuten. Hemen daukazue irratsaio guztia entzungai:
Antolatzaileak, federazioko eta Udal ordezkariak, aurkezpenean |
No hay comentarios:
Publicar un comentario