03/04/2017 a

01/05/2017 

Oinarriak

EAEko Liburutegi Sareak, Galtzagorri Elkartearekin batera, Booktuberboom lehiaketa antolatu du gazteen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurketa sustatzeko helburuarekin. 14-18 urte bitarteko gaztea zara? Youtuben ibiltzea atsegin duzu? Misio bat eman nahi dizugu: aurkitu zure gustukoa den liburu bat eta irakurri; bideo labur baten bidez liburu hori gomendatu eta youtuben zintzilikatu. Zu bezalako irakurle gazteak erakartzea lortuko duzula uste duzu? Hala bada, zurea da Booktuberboom lehiaketa! Zatoz eta parte hartu!
Epea
2017ko urriaren 24a, 00:00ak arte.
Nork har dezake parte?
14-18 urte bitarteko gazteek. Beharrezkoa izango da Euskadiko Liburutegi Sareko liburutegiren bateko bazkide txartela izatea.
Zer egin behar da?
Liburu bat irakurri, hartu kamera, mugikorra edo tableta eta grabatu liburu horri buruzko iruzkinaren bideoa. Argitaratu zure Youtube kanalean, zure herriko liburutegikoan edo zure ikastetxeko kanalean, eta bete Booktuberboom blogeko parte-hartze orria. Bertan jarri beharko duzu zure bideoak youtuben duen URL helbidea.
Nolako baldintzak bete behar ditu bideoak?
  • Gazte nahiz helduentzako euskaraz argitaratutako liburu bati buruzkoa izan behar du.
  • Booktubea euskaraz egin behar da. Ez dago euskara batuan egin beharrik, euskalki guztiek dute lekua lehiaketan, baina euskara zuzen eta egoki erabili beharko da.
  • Iraupena: gehienez 1,5 minutuko (190 seg.) iraupena izan behar du eta gutxienez minutu 1ekoa (60 seg.).
  • Aurrez beste inon argitaratu gabeko bideoa izan behar du.
  •  Youtuben argitaratu eta Booktuberboom blogeko parte-hartze formularioa betez bidali beharko da bideoaren URL-a lehiaketara 2017ko urriaren 24ko 00:00ak baino lehen.
  • Ezin da bideo honekin beste lehiaketa batean parte hartu.
  • Bideoak oinarrizko eskubide eta askatasunekin koherentea izan behar du, pertsonen duintasuna eta adin txikikoen eskubideak errespetatu behar ditu.
  • Horrez gain, indarrean den araudia bete behar du, hortaz, ezin dira urratu hirugarrenen eskubideak, bereziki jabetza intelektualarena, ohorearena, pertsonaren eta familiaren intimitatearena eta norberaren irudiarena, ezta hirugarrenen datu pertsonalen erabilerari dagokiona ere.
Egileak
Bideoak parte hartzaileek beraiek egindakoa izan beharko du. Jabetza intelektualaren eskubideak lehiaketako parte hartzaileenak izango dira osorik. Bideoan egile batek baino gehiagok parte hartu badu, egileetako baten izenean bidaliko da, baina izen-emate orrian gehiago direla aipatuz.
Gurasoen baimena
Bideoan agertzen diren pertsonen irudi eta datuak argitaratu ahal izateko, adinez txiki diren parte hartzaileen kasuan, derrigorrezkoa izango da gurasoen baimen sinatua eskuratzea. Haiek onartu eta baimendu beharko dute beren seme-alaben irudia agertzen den bideoa lehiaketa honetan erabiltzea eta horri dagozkion blog, web gune eta sare-sozialetan argitaratzea. Baimen eskaera bideoa jaso ondoren egingo zaio lehiakide bakoitzari emailez. Baimena bidaltzen ez duten partaideen booktubeak ez dira lehiaketako kanalean argitaratuko eta ez dira lehiaketan sartuko.
CC lizentzia askea
Bideoak Creative Commons (Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin) lizentziapean argitaratuko dira youtuben. Lizentzia horrek beste erabiltzaileei bideoa berdin partekatzeko aukera emango die, beti ere jatorrizko egilea nor den aitortuz eta helburu ez komertzialekin egiten bada. Lizentziari buruzko informazio gehiago eta youtuben hori nola ezarri ulertzeko azalpenak: blogean (euskaraz), edo https://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/2.5/ helbidean ingelesez.
Bideoen hedapena
Lehiakideek aurkeztutako bideoak antolatzaileen komunikazio sareetan egon daitezke ikusgai: EAEko Liburutegi Sarearen eta Galtzagorri Elkartearen komunikazio digitalerako sareetan. Horrez gain, EAEko Liburutegi Sareko liburutegietako informazio pantailetan ere ikusi ahal izango dira, eta, Booktuberboom blogean ere ikusgai egongo dira, noski.
Halaber, behar izanez gero, parte hartzaile sarituei artxibo originala eskatu ahal izango diete antolatzaileek.
Bi motatako sariak banatuko dira (ikusi Sariak atala):
  • Epaimahaiaren saria: Go Pro kamera + 50 euroko bonoa liburuak erosteko
    • Aurkezten diren booktube guztien artean onena hautatuko du hiru adituk osatutako epaimahaiak. Diskurtso narratiboa, kalitate teknikoa, originaltasuna eta ikuslea erakartzeko gaitasuna hartuko dira kontuan.
  • Publikoaren saria: abentura txango bat + 20 euroko bonoa liburuak erosteko
    • Lehiaketara aurkeztutako bideoen artean, urriaren 31ko 00:00 orduak arte “gustatzen zait” gehien jasotzen dituen booktubearentzat.
*Oharrazure bideoa ez baduzu publiko zabalaren aurrean bistaratzerik nahi, pribatua izatea nahi baduzu, epaimahaiak bakarrik ikusi ahal izango du eta ez duzu publikoaren saria eskuratzeko aukerarik izango.
Epaimahaia
Epaimahaia hiru adituk osatuko dute:
  • Amaia Pavon: ikus-entzunezko komunikazioan aditua, Nerabearen eta lagun-taldearen ikus-entzunezkoen kontsumoa 2011an: Gipuzkoako azterketa tesiaren egilea eta unibertsitate irakaslea Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioan.
  • Iban Garcia: 17 urteko youtuber gaztea.  2011n sortu zuen bere youtube kanala. Gaur egun, bi ditu: euskarazkoa (DespertaVlogsEUS) 2.438 harpiderekin, eta, gaztelerazkoa (DespertaVlogs) 48.405 harpiderekin.
  • Iñaki Markotegi: Eskola-liburuzaina, irakurketa sustatzeko hainbat ekimen sustatu dituena eta Galtzagorri Elkarteko lehendakaria.
Irabazleak
Lehiaketan parte hartzeko azken egunetik (urriak 24) aurrera, hamabost eguneko epean, azaroaren 8an, jakingo da irabazleak nor diren. 5 eguneko epean irabazlearekin harremanetan jartzerik ez badute lortu antolatzaileek, saria bigarren geratu den booktuberrak jasoko du, eta hori ere agertzen ez bada, modu berean egingo da segidakoekin ere.
Sariak urte amaieran egingo den azken Kedadan banatuko dira. Kedada hori izango da sariak banatu eta parte hartzaileak elkar ezagutzeko hitzordua. Sarituek euren NAN txartela edo Liburutegiko txartela erakutsi beharko dute identifikazio gisa, eta heldu batekin etorri ahal izango dira ekitaldira.
Irudi eskubideak
Parte hartzaileek baimentzen dute euren izen-abizenak eta irudia lehiaketarekin zerikusia duen edo horri buruzko informazioa ematen duten edozein hedabidetan, nahiz EAEko Liburutegi Sarearen eta Galtzagorri Elkartearen komunikazio sare digitaletan argitaratzea. Baita lehiaketa honetan sor daitezkeen hurrengo edizioetan erabiltzeko ere. Baimen honen truke antolatzaileak ez dira ordainsari bat ematera behartuta egongo. 
Bertan behera edo saria hutsik
Lehiaketak behar bezala aurrera egiteko zailtasunak izango balitu, EAEko Liburutegi Sareak eta Galtzagorri Elkarteak bertan behera uzteko eskubidea izango dute. Halaber, saria hutsik gera daiteke lehiakiderik ez delako aurkeztu edo parte-hartze baldintzetakoren bat bete ez delako. Ez da antolatzaileen ardura izango parte hartzaileen datuen egiazkotasuna ziurtatzea. Hortaz, datuak ez badira zuzenak eta guztiz osaturik ez badaude, parte hartzailearen ardura izango da antolakuntzak berekin harremanetan jartzeko modurik ez izatea, eta saria galtzeko arriskua ez saihestea.
Oinarriak onartzea
Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. EAEko Liburutegi Sareko web gunean eta lehiaketaren blogean egongo dira argitaratuta.