viernes, 17 de marzo de 2017

PILOTA PARTIDUAK.

ok magazinea

2017-03-17 10:51:48
LEITZARRA AGURTZEKO PILOTA JAIALDI PROFESIONALA ANTOLATU DU ALOÑAK
Omenaldi berezia jasoko du iluntzean Abel Barriolak Oñatin
Abel Barriolaren agurrerako geroz eta egun gutxiago gelditzen den honetan, Aloña Mendiko pilota sailak jaialdi berezia antolatu du gaur iluntzerako. Helburua Leitzarra omendu, eta herriko pilotazaleei goi mailako jardunaldi bat Zubikoara hurbiltzea izan da. Era berean, sailaren urrezko ezteien irekiera ekitaldia izango da gaueko jaialdia.

Maiatzean esango dio agur Abel Barriolak (Leitza, 1978) hemeretzi urteko kirol ibilbide eredugarriari. Falta diren hileotan hainbat partidu jokatuko ditu eta Oñatin zuriz ikusteko azken aukera, gaur iluntzekoa izango da. Aloña Mendiko pilota saila bere 50. urteurrena ospatzen ari da aurten eta urrezko ezteiei irekiera emateko, jaialdi oso berezia prestatu du.

22:00etan hasita, bi partidu ikusteko aukera egongo baita. Aurrenekoan, promozio txapelketako finalerdietako bat jokatuko dute Arteaga-Erasun eta Laso-Iturriagak. Txapelketako partidu ofiziala izanik, sari potoloa izango du bikoteetako batek. Zubikoan garaile irtetzen denak, finala jokatzeko saria poltsikoratuko baitu.

Promozioko partidaren ostean, Abel Barriolaren omenaldia iritsiko da. Aloña Mendiko pilota sailak jakinarazi digunez, mimo handiz prestaturiko ekitaldi xumea izango da. Merino II eskuko minez azken orduko baja izango da eta bere lekua Albisuk beteko du. Honenbestez, Ezkurdia eta Albisuk osatuko dute aurreneko bikotea, eta Altuna III eta Barriola izango dituzte aurkari.

Gau berezia izateko osagai bikainak eskaintzen ditu iluntzeko jaialdiak. Promozioko finalerako txartel bat jokuan, Altuna Oñatin jolasten ikusteko aurreneko aukera...eta bereziki, Barriola pilotari handia zuriz, azkenekoz jantzita ikusteko aukera.

Azken sarrerak takillan

Jaialdiak interes handia piztu du eta dagoeneko, sarrera gehienak salduta daude. Baina Aloña Menditik jakinarazi zaigunez, partidua hasi baino ordubete lehenago irekiko dute takilla eta bertan eskuratu ahal izango dira azken sarrerak 20€ truke.

Zubikoara gerturatzeko aukerarik ez dutenei jakinarazi, jaialdia zuzenean ikusi ahal izango dela Euskal Telebistaren lehen katearen bitartez.

Abel Barriolak azkenekoz jokatuko du gaur Oñatin. Argazkia: www.estapasandoengasteiz.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario