2017-02-03 20:30 OÑATI
Gernikako arbolaren kimuak 100 urte bete dituela ospatzeko ekitaldi herrikoia egin dute Oñatin. Euskaldunen batasunaren ikurra dela irudikatuz sentsibilitate ezberdineko lagunak batu dira bertan, herriko eragile kulturalen parte hartze zabalarekin.
Oñatiko Bandak Udaletxeko arkupean egindako emanaldiarekin hasi dute ekitaldi herrikoia, eta plazatik arbola dagoen tokirako joateko 100 umek kandelak jarri dizkiote arbolari, bere mendeurrena irudikatuz.
Jarraian, Mikel Biain alkateak hartu du hitza. Oñatiko Udalbatzak adostutako testua irakurri du, Gernikako arbolak bere kimuari idatzitako mezuarekin. 100 urte hauetan arbolak bizitakoak gogora ekarri ditu Oñatiko herritarren eta bertan batu diren ordezkari politikoen eta instituzionalen aurrean. Bertan izan dira besteak beste, Eider Mendoza eta Ana Otadui, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Larraitz Ugarte edo EAJko senatari den Victoriano Gallastegi.
Alkatearen diskurtsoaren ondoren txistulariek eta dantzariek hartu dute lekukoa. Ikurrin dantza egin ondoren Mikel Bianek Javier Bikuña oñatiarrak egindako plaka erakutsi du, eta aurreskua egin diote. Herriko bertsolariek bertso musikatua egin dute arbolapean, eta ekitaldia borobiltzeko herriko bandak eta abesbatzak Gernikako arbola eta Aloña Mendi abestiak eskaini dizkiote eguneko protagonistari.
Euskaldunen batasunaren ikurra denak, herri osoa batzea lortu du bere mendeurrenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario