2017-01-02
Zergatik eskola kirola?
Aurreko batean, herriko ikastetxe, guraso elkarte eta Udala Oñatiko eskola kirolaren osasuna hobetzeko lanetan ari ginela idatzi nuen. Egia esan behar badut, arrazoi desberdinak medio, uste eta nahi baino geldoago doaz lanak. Oraingo honetan, eskola kirola programa indartzeko beharraz idaztea gustatuko litzaidake.
Gurean, haur hezkuntza (HH) amaieran, lehen hezkuntzako (LH) lehen zikloan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan (DBH), eskola kirola egiten bada ere, LH 3, 4, 5 eta 6. mailetan hartzen du garrantzi handiena. Alde batetik, asteburuetako lehiaketengatik eta beste aldetik, kirol desberdinetako eskoletan izena emateko aukera dutelako. Kasu askotan bigarren hauek erakargarriagoak eginez eta eskola kirolak benetan izan beharko lukeen protagonismoa kenduz, osagarriak izan beharko luketenean.
Gaur egun kirol eskolak indartuaz doanez, arrisku handian dago eskola kirola Oñatin nola antolatuta dagoen ikusita. Ikasturtez ikasturte, honelako gauzak sarri entzuten ditugu: “Nire seme edo alabak Kirol jakin bat egitea nahi badu zergatik burutu behar ditu beste jarduera guztiak?”. Eztabaida luze batean ez sartzearren erantzuna normalean legeak esaten duelako esan eta gaia hor amaitzen da. Aitzitik, hori baino sakonagoa da.
Nire ustez, libre utziz gero, neska-mutiko gutxiagok emango lukete izena eskola kirolean eta espezializazioruntz joko lukete. Hasiera batean erakargarriagoa suertatzen den arren, espezializazio goiztiarraren arazoa noiz ikusten da? Neska-mutikoa adinean aurrera doanean kirol batzuetan konpetentzia areagotzen da eta ez da lekurik egoten denentzat. Kirol horretan ezin izaten duenez aurrera egin, ez beti baina bai kasu askotan, kirola egiteari uzten diote adin goiztiarretan. Momentu hau iristean, seme edo alaba kirol jakin batean hartu ez edo talde batean edo bestean sartu dutelako, lur jota gelditzen da. Ondoren, guraso hauek eskola kirola bezalako modelo bat eskatzen hasten dira baina jada berandu izaten da.
Gure herrian antolatu nahi dugun eskola kirolak, kirol modalitate desberdinak ikasi eta kirola eginez gozatzeaz gain, ohitura osasungarriak barneratu eta umearen garapenean laguntzea du helburu. Hau guztia euskeraz bermatzen duena izan behar duela garbi dago.
Hemen, kirol elkarteak berebiziko garrantzi izan behar du eta eskola kirolarekin batera osagarri izan behar dira. Zalantzarik gabe, bertan egiten den lanaren fruituak beraiek jasoko dituzte. Guzti honekin espezializaziora joko da eta jarduera bat ez bada, bestea burutuko du umeak. Xedea da berak ez diezaiola kirola egiteri utzi.
Bukatzeko, hemen gogoeta egiteko galdera batzuk: Zein ote da Oñatin horrenbeste kirol desberdin egitearen arrazoia? Gipuzkoan kirol desberdinetako goi mailako taldeak egotearen arrazoietako bat ez al da eskola kirola? Gipuzkoan, goi mailako talde horietatik emakumezkoak gizonezkoen parean edo urte batzuetan gehiago izatea posible izango litzateke eskola kirolik gabe?
Urte berri on denoi!
No hay comentarios:
Publicar un comentario