lunes, 16 de enero de 2017

Oñatik biztanleria irabazten jarraitzen du.


2017/01/16
Urtarrilaren 1eko dataz 11.413 lagun zeunden Oñatin erroldatuta, orain urtebete baino 65 gehiago
  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratutako datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Estatistiken Institutu Nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira. Pentsa, 2016ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta erroldari dagokion edozein aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman genitzake, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.
  Bukatu berri den urtean 98 haur jaioberri erroldatu ziren Oñatin. 2004az geroztik, urtean jaiotakoen kopurua 100 haur baino gehiago izan da kasik urtero. Araua 2014an ez zen bete, 78 neska mutiko bakarrik jaio zirelako eta iaz ere ez, atarian baina ehunekora iritsi ezinda geratu zen, 98 haur jaio baitziren, esan bezala. Txanponaren bestaldean iaz hildakoen kopurua dago. 2016.urtean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 101 lagun zendu ziren. Urtean izandako jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izan arren, erroldatuen kopuruak gora egin zuen nabarmen, 2017ko urtarrilaren lehenean, iazko egun berean baino 65 lagun gehiago baitzeuden Oñatin erroldatuta. Horrek esanahi du, kanpotik gurera bizitzera, joan direnak baino dexentez gehiago izan direla.
  2005etik hona, herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egin du urtetik urtera. 2005etik 2016 amaierara arte Oñatik 702 bizilagun irabazi ditu eta azken urtean, 11.400 biztanleen muga gainditu da.  2017ko urtarrilaren 1ean 11.413 lagun zeuden Oñatin erroldatuta, 5.769 emakume eta 5.644 gizakume.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario