domingo, 8 de enero de 2017

Oñatiko futbolariak .

OK MAGAZINEA

2017-01-06 12:26:03
SEI TXANTXIKUAR HAUTATU DITUZTE GABONETAKO TXAPELKETAK JOKATZEKO
Oñatiko futbolariak Gipuzkoa eta Debagoieneko selekzioetan
Ligako geldialdiak aprobetxatuz, Gipuzkoa eta Debagoieneko emakumezkoen selekzioek txapelketa ezberdinak jokatu dituzte gabonetako jai egunetan. Biek ala biek, Oñatiko hainbat jokalari deitu dituzte taldeak osatzeko. Gipuzkoako kadeteak esaterako, Eider Egaña eta Elene Guridi hautatu ditu eta Debagoieneko gorengo mailako taldeak aldiz, Miriam Agirre, Amaia Ugalde, Ainara Uribarri eta Nagore Elorza.

Jokatzen aurrenak, Gipuzkoako kadete mailako emakumezkoak izan ziren. Hautatzaileak 26 jokalari deitu zituen abendu hasierako lan saioak egiteko. Horietatik 17 soilik izan ziren aukeratuak, abenduaren 23an Zornotzan jokatu zen hiruko txapelketarako. Eider Egaña eta Elene Guridi oñatiarrak zerrenda horretan sartu ziren eta neurri handi batean, Eibarren egiten ari diren lan bikainaren saria izan zen lurraldeko selekzioaren deia.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako selekzioen arteko hiruko gisa jokatu zen Zornotzako txapelketa. 40 minutuko zatietan. Gipuzkoarrek 1-0 irabazi zioten Arabari eta bi oñatiarrek partida osoa jokatu zuten. Bigarren partiduan ostera, txantxikuarrek aulkitik ikusi zuten Bizkaitarren aurkako 0-0ekoa. Gol diferentziagatik, Gipuzkoa bigarren gelditu zen. Txapelketa Bizkaiako neskek eraman zuten Arabaren aurka 2-0 irabazi baitzuten.

Lau ordezkari, Debagoienekoan

Arizmendi kirol elkarteak antolatuta, Gabonetako emakumezkoen futbol txapelketa jokatu zen urteko azken egunean Aretxabaletako Ibarrako futbol zelaian. Gorengo mailan, Debagoieneko selekzioa, Oiartzun eta Reala izan ziren txapelketan aurrez-aurre aritu ziren hiru taldeak.

Hiruko erara jokatu zen txapelketa eta lehen partiduan Debagoieneko selekzioa eta Realak neurtu zituzten indarrak. Txuriurdinak beste maila batean daudela garbi gelditu zen eta Esti Loitiren neskek, ezin izan zuten ezer egin donostiarren aurkako partiduan. Azken emaitza 0-4koa izan zen donostiarren alde.

Bigarren partiduan emaitza berbera eman zen. Kasu honetan Debagoiendarrek Oiartzun izan zuten aurkari eta eguneko bigarren lehia ere, 0-4koarekin amaitu zen. Eguneko hirugarren eta azken partida erabakigarrian, lehen mailako taldeen arteko lehia ikusgarrian, donostiarrak 4-0 gailendu ziren. Honela, Igor San Miguelek zuzenduriko taldeak txapelketa ospetsu honen hamabigarren edizioaren kopa altxa zuen.

Oñatiko lau jokalariek hainbat minutu jokatu zituzten lehen bi partiduetan eta emaitzak kaxkarrak izan baziren ere, neurri ona eman zuten. Kontutan hartu beharra dago, Reala eta Oiartzun emakumezkoen lehen mailan ari direla eta Oñatiko lau ordezkariak, Ilintxan ari dira Erregionalean. Jokalari eta taldeen arteko aldea beraz, nabarmena da. Hala ere, esperientzia oso aberasgarria izan da guztientzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario