Buscar este blog

lunes, 17 de abril de 2017

Turista ugari dabil egunotan Oñatin.

goiena

Turista ugari dabil egunotan Oñatin, bisita gidatuak aprobetxatuz

   GIZARTEA  OÑATI
Aste Santuko oporrak direla eta, turista ugari hurbildu da Oñatira egun hauetan, bertako altxorrak ikusi eta hauei buruz jakiteko asmotan. Urtero moduan, bisita gidatuak izan dituzte bertaratutakoek, Txokolateixian, unibertsitatean, San Migel parrokian eta beste hainbat lekutan.
Turista ugari dabil egunotan Oñatin, bisita gidatuak aprobetxatuz
Anton Azpiazu txokolatearen nondik norakoak azaltzen, gaur goizean.
Txokolateixiari dagokionez, egunean bi bisita gidatu ematen ari da Anton Azpiazu. "Jende asko etortzen da eta bi bisita egiten ditugu egunean. Bisita edo hitzaldi hauetan, txokolatearen historia kontatzen dut, nondik datorren, nola datorren, zer den eta abar. Horrez gain, usaindu ere egiten dute bisitariek, baita dastatu ere", azaldu du Azpiazuk berak.
Alde guztietako bisitariak izaten ari da Txokolateixia aurten. Hala ere, bizkaitar "asko" hurbildu dela azpimarratu du Azpiazuk. "Bizkaitarrez gain, nafarrak, madrildarrak, kataluniarrak, andaluziarrak eta abar etorri dira oraingoz". Profilari erreparatuta, gehienbat jende gaztea dela dio Azpiazuk. "Bikote asko etortzen dira eta umeekin ere bai, askotan".
Azkeneko urteetan gorakada handia izaten ari da Txokolateixia, bisitari kopuruan. "Geroz eta jende gehiago etortzen da. Aste Santu aurretik hasi ginen datuei begira, eta duela bi urte etorri zen kopuruaren bikoitza etorri da dagoeneko", azaldu du Azpiazuk, eta gaineratu du horren arrazoia Turismo Bulegoarekin lotuta egotean dagoela. "Turismo Bulegoak eramaten du koordinazioa eta handik bideratzen dituzte turistak, orduz ordu, leku guztietara hel daitezen".

Unibertsitatea eta parrokia

Turismo Bulegotik sustatzen diren beste bi leku garrantzitsuenetarikoak Sancti Spiritus unibertsitatea eta San Migel Parrokia dira, eta hauek turistei erakusteko bisita gidatuak egiten dituzte.
Edurne Urteaga Turismo Bulegoko langilearen esanetan, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegotik etorritako turistak dira gehienak, "bisitarien hiru laurdenak". Familiak eta bikoteak dira, gehienbat, bisita hauek jasotzen dituztenak.
Bisita orduak 13:00ak eta 17:00ak dira, baina aurrez erreserba egiteko aukera ere badago. "Bihar, adibidez, Kataluniatik etorriko zaigu talde bat, eta 10:00etan egingo diegu bisita gidatua", dio Urteagak.
Bisitari kopuruari dagokionez, eguraldiak asko baldintzatzen duela azaldu du Turismo Bulegoko langileak, baita autobusak etortzeak ere. "Orokorrean, kopuru antzekoak izaten ditugu urtetik urtera. Goranzko joera txiki bat izaten dugu agian, baina diferentziak ez dira handiak izaten", adierazi du Urteagak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario